Zer da zehazki lortu duzuna?
IKT eta euskarazko irakasleek jakinarazi zidaten zer den Euskarabentura. Hortaz, egindako idazlan eta gutun banaren bitartez izango dut aukera Euskal Herria zeharkatuko duen espedizioan parte hartzeko, uztailean.
Idazlanean hiru gai zeuden aukeratzeko eta nik erabaki nuen migrazioa lantzea. Azaldu nuen historikoki zer den migrazioa eta Euskal Herrira etortzen ziren pertsonak nortzuk ziren. Halaber, azaldu nuen gainetik euskal diaspora eta Laudioko testigantza bat erabili nuen, Aiaraldea Hemen egunkaritik hartuta. Motibazio gutuna ere idatzi nuen, argitzeko zeintzuk diren nire arrazoiak Euskarabentura ekimenean parte hartzeko.
Zeintzuk dira Euskarabenturaren ezaugarriak?
Egunero kilometro kopuru jakina ibili beharko dugu eta hiriburuen artean joan bitartean, hainbat kultura e ezagutuko ditugu; kobazuloak ikusiko ditugu, museoak... Beste eskualdetako ohiturak gertutik ikusiko ditugu. Ez dakit horri buruz zerbait irakurriko dudan, mami gehiago ateratzeko.
Batzuetan fisikoki exijentzia handikoa izango da, 28 kilometro ibili beharko ditugu eta. Ez naiz bereziki prestatuko, uste dut egin ahal dudala, mendira joatea gogoko baitut. 121 parte hartzaile egongo gara eta ni izango naiz Aiaraldeko bakarra.
Zergatik parte hartu nahi duzu ekimenean?
Gure lurraldea hobeto ezagutzeko, baita jende berria ere. Kulturalki uste dut interesgarria izango dela eta, nola ez, euskaraz mintzatzea hilabete osoa. Iparralde ere zeharkatuko dugu eta frantsesa ere ikasten dudanez, espero dut erabiltzea.
Izan ere, berez, txangoa Mauletik aterako da. Uztailaren 1ean Gasteizen hartuko dugu arabarrok autobusa hara joateko.
Ba al dakizu zer eraman beharko duzun Euskarabenturara?
Oraindik ez, aurrerago esango digutela espero dut. Printzipioz, frontoi estalietan egingo dugu lo. Eguraldia ez bada ona, ez gara bustiko. Moldatuko naiz.
Gurekin batera 20 begiralek ere parte hartuko dute espedizioan. Ez daukat oso argi otorduak guk prestatu beharko ditugun. Bideo batean ikusitakoagatik, esango nuke ezetz, baina ez daukat arazorik horrela ez bada.