Agerraldia egin dute gaur goizean Aretako bidesarian jeltzaleek. Ramiro Gonzalez Arabako Diputaziorako hautagaiak aurkeztu du neurri berria: AP68ko erabiltzaile aiararrentzat hobari eredu aldaketa. "Bizkairako bidaietan ere gastuen %60 ordaindu nahi diegu hilean gutxienez 15 bidaia egiten dituzten herritarrei", adierazi du Gonzalezek. Modu horretan nahi dute Arabarekin parekatzea, orain arteko sistemak Arabarako bidaiak soilik hartzen baititu aintzat aiararrentzat. "Konektibitatea bizi kalitatea da", argudiatu du hautagaiak, eta EAJren konpromisoak aukera leiho bat zabaldu lezakeela azpimarratu du, "Arabako bideetarako politika integral bat" lortze bidean.
2026 arte pribatua izango da AP68 errepidea, baina hortik aurrera publiko bihurtuko da. "Mugikortasuna eta konexioak erraztea bizi kalitatea hobetzea dira", nabarmendu du Gonzalezek agerraldian. Neurria noiz aplikatu nahi luketen galdetuta, negoziaketaren garrantziaz mintzatu da EAJko hautagaia: "Foru Aldundian adostean sartuko litzateke indarrean -2019 amaieran-, 2026 arte itxaron gabe".