“Apartheida ezabatu zenetik, aldaketak ez dira guztiz eman Hegoafrikan”

Txabi Alvarado Bañares 2019ko mai. 21a, 07:00
Lurmutur Hirian bizi da Unai Apodaka laudioarra.

UNAI APODAKA (Laudio, 1995) Hegoafrikan dago lanean, Lurmutur Hiriko Unibertsitatean. Bertako egoerari buruz mintzatu da.

Zertan zabiltza Hegoafrikan?

Eusko Jaurlaritzak sustatzen duen beka batean parte hartzen ari naiz, Global Training deitutakoa. Ofizialki gazte euskaldunek atzerriko enpresa eta erakundeetan gaitasunak lortzea da helburua, 6 hilabetez.

Hegoafrika hautatu nuen ekologian ekiteko aukerak ematen zizkidalako Lurmutur Hiriko Unibertsitatean (UCT). Zehazki, doktorego ikasleekin eta kontserbazio taldeekin lan egiten ari naiz, askotariko ekosistema eta animalia aztertuz haien kudeaketan aurrera egiteko.

Lanagatik leku batetik bestera mugitzen ari naiz herrialdean zehar hilabetean behin, baina gehien bat Lurmutur Hirian nago kokatuta.

Munduko beste puntan dagoen herrialde batera joan zara. Ezberdintasun asko daude Aiaraldeko eta bertako bizitzaren artean?

Hegoafrika bere historiagatik oso herrialde dibertsoa da eta egunerokotasunean eragin horiek ikusten dira. Gastronomian, adibidez, Asia, Afrika eta Europar osagaiak konbinatzen dira eta edozer aurkituko duzu kaletik, ehiza okel exotikoetatik indiar espeziatara. Hiria, berriz, herrialdeko garrantzitsuenetarikoa izanik, pentsa daitekeen edozein ekintza biltzen du: urpekaritza eta surfa itsasoan, hurbileko mendietara igotzea edo dozenaka aukera kulturalak egunero. Asteburu bakoitza ezberdina izango da aurrekoarekin konparatuz.

Arreta gehien deitu nauena da herrialdea zein ezberdina den alde guztietan. Lurmutur Hiriko ingurua klima mediterraneoa dauka, turistaz betea, Europa bezain garatuta dago eta ardogintza industria izugarria du. Herrialdearen ekialdean hainbat inguru natural daude, non nekazarien latifundio izugarriak dauden, Zulu eta Xhosa etnien herriekin batera.

Iparraldean, Johannesburgo eta Pretoria hiriburuak utzita, Hegoafrikako altxorra dago: Kruger Parke Nazionala. Guztiok ikusitako dokumentalen kokalekua da eta txikitatik maite ditugun animali guztien lurraldea.

Apharteidaren arrastorik sumatzen da gaur egun Hegoafrikan?

Lehenengo beharrezkoa da herrialdearen konposizio demografikoa ikustea: % 85 gutxienez beltza da, gainerakoak zuriak eta indioak direlarik. Baina 1994an Apartheid sistema ezabatua izan zenetik, aldaketak ez dira guztiz eman gizartean eta desberdintasun ekonomiko argiak daude lehen momentutik. Gehiengo beltz batek ez dauka aukerarik hezkuntza edo lan duinetarako, gutxiengo zuriak badauka botere ekonomiko handia oraindik eta gutxiengo beltz batek botere politikoa dauka ustelkeriaz jositako gobernu batekin.

Lurmutur Hirian, adibidez, minututan pasa zaitezke txabola xumez jositako auzo batetik luxuzko etxez betetako mendi magaletara. Gauetan ateratzean, taberna batzuetan sartuta ikusten duzu guztiak zuriak direla eta beste kalera pasatzean beltzak bakarrik aurkitzen dituzu. Segregazioa hor dago oraindik. Lanbideetan berdina gertatzen da, arduradunak zuriak izaten dira eta beltz talde bat daukate agindupean; nahiz eta dirudien hau poliki-poliki aldatzen ari dela.

Hizkuntza aldetik zer moduz moldatzen zara?

Lerro nagusitan ez daukat inongo arazorik, herrialdean biztanle gehienak elebidunak dira, betiere ingelesa hitz eginez, eta horrela mintzo naiz. Baina egia da 11 hizkuntza ofizial daudela herrialdean eta landa eremuetan, adibidez, nekazari Afrikaaners-ek ez dutela ingeles asko egiten. Haiekin lan egitean aurkitzen zara egoera batean non ez duzun ezer ulertzen. Horrelakoetan agurtu, dakizkizun hitz bakanak esan eta aurrera jarraitzen duzu.

Beste zer edo zer gaineratu nahiko bazenu...

Nahiko jende harritu dezakeen zerbait da Lurmutur Hiria azken urtetan jasaten ari den ur krisialdia. 2015etik euriteak asko gutxitu dira. Euri gutxi izatearekin batera urtegiak minimo historikoetara heldu dira urtetik urtera. Zentral hidraulikoek ez zuten funtzionatzen eta herrialdeko elektrizitate enpresa ezin izan dio aurre egin herritarren beharrei (enpresaren ustelkeriak ere eragin du hori). Gauzak hala, ur faltarekin batera argia eten egiten da hilabete lehorretan 4 orduz egunero. Honen eraginez produktibitateak behera egin du eta langileek ezin dute ezer egin: jatetxeak elektrizitatea behar ez duten menuak eskaintzen dituzte eta fakturak paperera bueltatu behar dira ordu horietan. Egoera honen aurrean ura ere arrazionamendu sistema batera pasatu egin da egunero gehienez 100-50 litro ur erabiltzera mugatuta. Gobernu lokala kontzientziazio prozesu bat hasi egin zuen eta erabilera erdira baino gehiago txikitu zen, baina hala ere 2 alditan egoera hain muturrekoa izan zen, zein txorrotak ixteko eta ura lortzeko ilarak egiteko prestaketak hasi egin ziren (3,5 milioi biztanlerekin area metropolitanoan). Euriteak salbatu izan du egoera egun gutxiko tartearekin, baina oraindik muga dago eta argindar mozketak gertatzen dira.

Munduan arriskuan dagoen hiririk handiena da, aldaketa klimatikoaren ikuspegitik ur eskasiaren aurrean, eta badirudi biztanleak ohitu beharko direla ez baitira hobekuntzak ikusten etorkizunean. Hau izan daiteke aukera bat ikusteko aldaketa klimatikoaren krisia noraino heldu daitekeen, eta zerbait egin beharra dagoela puntu honetara ez heltzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide