Herri bideetan kamioi eta bizikleten garraioa arintzeko hautua egin du Elkarrekin Podemosek

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko mai. 13a, 13:35

Agerraldia egin dute Laudioko alkategaiak eta Foru Hauteskundeetarako ordezkariak. / Elkarrekin Podemos

Okondorako bidean eta herrigunean trafikoa -bizikleta zein oinezkoen bideak- arintzeko proposamenak aurkeztu dituzte.

Laudion egin dute gaur agerraldia Migel Burdallo Laudioko Elkarrekin Podemosen alkategaiak eta Foru Aldundirako Txema Ruiz de Apodaca hautagaiak. Prentsa oharrean azaldu dutenez, Okondo eta Laudio arteko trafikoa arintzeko neurriak proposatu dituzte, kamioiek abiadura nabarmen mantsotzen dutela iritzita. "Kamioiek beste bide batzuk erabili ahal izateko ikerketa egitea eskatuko dugu", aurreratu dute lehen neurri gisa.

Oinezkoei dagokienean, espaloiak erosoago eta irisgarriago bilakatzea izango dute helburu, "txirrindulari, patinatzaile eta abarren eraginez herritarrak arriskuan ez sentitzeko". Soluzio gisa bidegorria eta oinezkoen guneak "egoki banatzea" proposatu dute, "eta Nerbioi, Virgen del Carmen eta Zumalakarregi kaleetan bizikletentzat karril bakarra" egokitzeko aukera aztertuko dutela aurreratu. Migel Burdalloren esanetan, Zumalakarregitik -Laudio institututik- Baias kaleraino egokitu nahiko lukete tokia.

Aparkalekuak ere izan dituzte hizpide, espazioen berratonketa bat beharrezkoa delakoan: "Berriro formulatzea beharrezkoa da, egungo espazioetan ibilgailuentzako toki gehiago lortu liteke, aparkaleku berriak jarri gabe".

Horrez gain, lurralde ikuspegitik, hirigintza planak berrikustea eskatuko dute, "30 guneak areagotzeko". Txema Ruiz de Apodacaren aburuz, garraio publikoa sustatuko dute, "eskola eta garraio publikoetan aldaketak eginez". Era berean, bidegorrietan eta garraio sisteman sakondu dute, herrigunea eta eremu urrunagoak lotzeko asmoarekin: "Landa eremuak herriguneekin lotzeko sarea bultzatu nahi dugu, industriaguneekin garraio publikoaren konexioa hobetu, enpresa eta erakundeentzat abantaila fiskalak txertatuz". Horrez gain, tarifa homogeneoak eskatuko dituzte Arabako garraio publiko guztietarako.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide