Aurkeztu dute dagoeneko Santa Luzia jaietako egitaraua. Maiatzaren 25ean, 26an eta 27an izango dira festak, Ermualdeko landetan. Ekintzen artean kirol eta kultur jarduerak izango dira nagusi.
Erronka bertikala
Altzarrate taldeak antolatuko du Ugartetik Ermualdera igotzeko "erronka bertikala". Hala, lasterkari ugariren parte hartzea aurreikusi dute. 10:00etan abiatuko da proba.
Igandean, maiatzaren 26an, berriz, kultur ekitaldiak izango dira protagonista. "Goizean erromeria egongo da Ermuko larrean", adierazi dute antolatzaileek. Eguerdian, berriz, dantzaplaza eskainiko du Itxarkundia taldeak, eta 14:00etan bertsolariak igoko dira oholtzara.
Astelehena, umeen eguna
Umeen eguna izango da astelehena, maiatzaren 27a. Goizean erromeria egingo dute, baina haurrentzat jolasak ere egongo dira. Zehazki, Kirikiño aisialdi taldekoak arituko dira jokoak dinamizatzen. Kalakak, bere aldetik, egurrezko jolasak hurbilduko ditu festa eremura. 16:00etan bukatuko dira jaiak, umeentzako ikuskizunarekin.