Zazpigarrenez egingo dute Jose Manuel Arza "Josito" omentzeko herri lasterketa. Ekainaren 9an izango da, igandez. 11:00etan abiatuko dira partaideak Zumalakarregi etorbidetik, eta 10 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute: herrigunetik Gardeara, handik Aretara, eta bertatik irteerara.
"Irteera eta helmuga Laboral Kutxaren parean egongo dira. Partaideei zenbait kirol objektu banatuko zaizkie dortsalarekin batera, babesleen ekarpenei esker". Partaideei dagokienez, 700 pertsonaren muga jarri dute, "1920-2003 urte artekoek soilik hartu ahalko dute parte". Izen ematea internet bidez egin behar da.
Patinatzaileen lasterketa
Korrika ez ezik, patinekin ere osatu ahalko da ibilbidea. Apuntatzeko formulario bera bete beharko dute interneten interesdunek. Ekainaren 7 arte egongo da horretarako parada, baldin eta dortsalak aurrez agortzen ez badira.
Prezioa 10 eurokoa izango da bi kasuetan. Antolatzaileek aurreratu dutenez, dutxatzeko aukera eskainiko dute Granja kiroldegian.
