Jende ugari batu da Laudioko Aldai plazako karpan 19:00etatik aurrera EH Bildu koalizioak egindako ekitaldi politikoan parte hartzeko. Amurrio, Laudio, Artziniega, Okondo eta Aiarako alkategaiak igo dira oholtzara, baita Arabako Foru Aldundiko zenbait hautagai ere.
Amets Meatza herriko alkateordeak bete ditu aurkezle lanak eta Natxo Urkixo alkateari eman dio txanda hasieran. Urkixok gogora ekarri ditu azken 8 urteetan gauzatutako hainbat ekimen inbertsioen, euskararen, ongizate gizarte politiken, ingurumenaren edota partaidetzaren esparruan.
Hurrengo hizlariek bezala, alkateak Isidro Murga, Alaitz Aramendi edota Galder Barbado oroitu ditu eta eredutzat jo ditu. Gainera, besteek bezala, borroka feministaren edo pentsiodunen ekintzak goraipatu ditu.
Urkixoren ondoren Kike Fernandez de Pinedo Arabako Foru Aldundiko zerrendaburua mintzatu da gogoratzeko indar bozkatuena izatetik hurbil dagoela EH Bildu eta ezinbestekoa dela ezkerreko botoa eskatzea, lurraldean benetako aldaketa eragin ahal izateko. Aurreko hauteskundeetan Marotori gertatutakoa ikusita, Fernandezek azaldu du EAJ urduri dagoela eta horregatik erasotzen duela EH Bildu etengabe.
Hautagaiak aldarrikatu du Araba berria bultzatu behar dela, soldata duinekin, besteak beste, eta gogoratu du EAJk eta PSE-EEk herrialdea ondo doala esaten duten bitartean, soldatak gero eta miserableagoak direla. Horregatik, aldarrikatu du betiko gobernu eredua aldatu beharra dagoela.
Horren ostean, Igor Arzuagak abesti bat jo du eta Maddalen Iriarte igo da oholtzara. Legebiltzarkideak Isidro Murga eta Pablo Gorostiaga omendu ditu eta azpimarratu du kartzelara joan zirela adierazpen askatasunaren alde lan egiteagatik.
Iriartek behin eta berriro errepikatu du Euskal Herri berria eraiki nahi dutela, herritar guztientzat izango dena. Horretarako, independentzia ardatza dela argitu du: "Madrilera begira ezin gara bizi, horrela ez baititugu guztiontzako eskubideak izango". Espainia eta Europako statu quoaren aurka hitz egin du EH Bilduko ordezkariak eta herrien errepublikak ezinbestekoak direla aldarrikatu du bai batan zein bestean eta horretarako bozkatu behar dela ere Europar hauteskundeetan.
Azkenik, jomugan izan du EAJ. Iriarteren aburuz, jeltzaleek ez dute nahi ezer aldatzea eta gogoratu die Aiaraldean langabezia beste lurraldetan baino handiagoa dela eta EH Bilduk ponentzia sortu duela Eusko Legebiltzarrean horretarako: "Eusko Jaurlaritzaren zain egongo bagina, hilko ginateke". Ildo horretatik, Madrilekin apurtzeko deia luzatu du eta 2021ean, independentziaren aldeko galdeketa egitea proposatu du, Eskozian bezala.