[IRITZIA] Agur eta ohore, Tuesta

Jose Ignacio Alvarado Meabe 2019ko mai. 22a, 13:50

Aceros de Llodion ezagutu zintudanean 70. hamarkadaren hasieran, ni ikasle hutsa nintzen zu errepresio frankista itogarriaren aurkako ekintzetan murgildua zeunden bitartean. Sindikatu Bertikalean sartu eta barrutik bere aurka jardun edo ez ebazteko bilerak, martxoaren 3ko Gasteizeko  erailketak, lehen hauteskunde sindikalak, birmoldaketa industrialetako borrokak..

Beti topatu nuen zugan, Beniton eta Kepan egin behar zenaren bidea eta eredua.

Zinegotzi gisa hautatu zintuzten Gure Aukera hautagaitzarekin. Ordutik aurrera zenbat bilera, zenbat kudeaketa Gardea eta batez ere, zure Hiru Gurutzetako gune maitatua konpontzeko. Beti zeunden lehen lerroan, fabrikan eta auzo-borroketan. Zugatik zerbait nabarmendu beharko banu, ideiak defendatzeko zenuen grina izango litzateke.

Urte gogorrak bizi izan zenituen Acerosen: 80. hamarkadan egondako birmoldaketa jarraituak, istilu gogorrak, fabrikako ekonomatoaren defentsa uholdeen ostean eta, batez ere, 1992. urtean fabrika ixtea ekidin ezin izatea, sakonki eragin zigun itxiera horrek.

Goiz jubilatu zintuzten, baina ez zenion lan egiteari utzi. Ortuak eta, batez ere, zure auzoa hobetzearen aldeko borrokak bete zuten zure aisialdia.

Azken urteetan pentsionisten elkarretaratzeetan ikusten zintudan, presoen aldekoetan, amiantoak kaltetutakoen elkartean eta, batez ere, udaletxeko plenoetan, zeintzuetan zinegotzi bat gehiago zinela zirudien, beti adi eta zure bizilagunei eragin ahalko liekeen edozergatik kezkatuta.

Bat-batean utzi gaituzu, baina beti geratuko zaigu zure eredua: eguneroko borroka etengabea bidezkotzat hartzen duzun horren alde.

Agur eta ohore Tuesta.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide