Laudioko PSE-EEk oharra plazaratu du bere udal-programan txertatu dituen bi egitasmoren berri emateko. Juanje Merchanek azaldu duenez, 65 urtetik gorakoentzako jangela bat sortzea izango da ekimen horietako bat: “ezgaituak dauden pertsonei, bakarrik bizi direnei edota janaria hartu eta etxera eramatea erosoagoa egiten zaierenei egongo da zuzendua bereziki”.
Horrez gain, osasun zentro berri bat behar dela nabarmendu du alkategaiak, gaur egungo azpiegiturek dauden beharrizanak asetzen ez dituztela argudiatuta. Horretarako, Merchanek uste du udalak Eusko Jaurlaritzari beharrezko lurzorua eskaini behar diola.
Kirol gune berria
Gazteen beharrak ere izan ditu hizpide zerrendaburuak. Bere ustez, beharrezkoa da eurentzako kirol gune berri bat atontzea. “Skate pista berria bat eraiki eta kirol azpiegitura berriak eraiki nahi ditugu”, aurreratu du. Gazteleku “handiagoa” ere ireki nahi dute, espazio eta ekintza gehiago izango dituena.
Merchanek nabarmendu du euren hauteskunde-proposamenak auzokideen beharrei erantzuten dietela eta egingarriak direla.