“Ez dugu baztertzen beste talderen batekin gobernu akordioa lortzea”

Erredakzioa 2019ko mai. 27a, 07:05

Ander Añibarro izan da alkategairik bozkatuena.

ANDER AÑIBARRO (EAJ) izan da alkategairik bozkatuena Laudion. Lortutako emaitzen eta etorkizun hurbilerako asmoen inguruan mintzatu da. 

Talde politiko bozkatuena izan zarete. Pozik?
Bai, oso pozik. Gobernatzea espero dugu, argi eta garbi. Gure balorazio oso positiboa da. Argi ikusi da herriak aldaketa nahi duela. EH Bilduk bere bost zinegotziak mantendu ditu, baina argi eta garbi geratu da EAJ zela alternatiba bakarra. Bi zinegotzi gehiago lortu ditugu, PSE-EEk bere biak mantendu ditu eta Omniak bat gutxiago eskuratu du. Herriak bere politiken norabidea aldatu nahi izan du eta EAJ hautatu du horretarako.

Gehiengo hori eskuratuta, zeintzuk izango dira datozen lau urteei begira izango dituzuen proiektu eta erronkak?

Guk argi daukagu antzokia egin beharreko proiektua dela. Baditugu beste proiektu batzuk: musika etxea edo udal liburutegia Ugartetik Zubiko Etxera eramatea kasu. Horrek ez du esan nahi beste proiektu estrategikorik egingo ez dugunik. Beste talde politikoekin akordioak bilatuko ditugu proiektuak aurrera ateratzeko.

Kanpainan esan nuen akordioetara helduko ginela beste alderdiekin, udalak ezin dituelako beste taldeak isildu. Alderdi guztiekin izan behar dugu harremana Laudio eraldatzeko, guztiekin hitz egiteko prest gaude. Datozen egunetan jarriko gara harremanetan beste taldeekin eta ikusiko dugu zer gertatzen den etorkizun hurbilean.

EAJ eta PSE-EEren arteko akordioaz hitz egin da beste toki batzuetan. Zuek bakarka gobernatzea aurreikusi duzue?

Goizegi da horretaz hitz egiteko. Ez dut baztertzen beste alderdi batekin gobernu akordio bat egitea, posiblea litzateke. Alderdi mailan zer gertatzen den ere ikusi behar dugu. Beste erakundeetan (Aldundia, Eusko Jaurlaritza...) beste taldeekin akordioak egin ditugu orain arte. Ikusiko dugu zer gertatzen den datozen egunetan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide