Ostiralean hasiko dituzte festak, haurrentzako ekintzekin, 19:00etan. Larunbatean, aldiz, egun osoko egitaraua izango dute. 11:00etan ekingo diote egunari gastronomia txapelketarekin. Hain zuzen, 5 modalitate iragarri dituzte: gazpatxoarena, untxiarena, tortilarena, gozoena eta plater librearena. 12:00etan, berriz, igel-toka lehiaketa egingo dute.
Dastaketan zentratuko dira eguerdian. Batetik, 13:00etan, gazpatxo, urdaiazpiko eta ardo dastaketa egingo dute elkartearen atarian. Bestetik, 14:30ean, herri bazkaria egongo da gastronomia txapelketan prestatutako platerekin. Urtean zehar zentroan aritzen diren talde guztiekin dantza eta gitarra festibala egingo dute gauean.
Igandean, ordea, Algazara abesbatzaren laguntzarekin Rocio amabirjinaren omenezko meza egongo da. 12:45ean zaldiekin egingo dute prozesioa, "Rocioko ama birjinaren irudiarekin". 13:30ean agintari, bazkide eta gonbidatuentzat luntxa eskainiko dute, eta 16:30ean Son de Ases taldearen emanaldia.