“Edozein mendizalek bisitatu beharreko tontorrak daude Eslovenian”

Txabi Alvarado Bañares 2019ko eka. 5a, 07:00
Esloveniako Ljubljana hirian dago Koldo Eizmendi.

Esloveniako Ljubljana hirian dago ikasle gisa KOLDO EIZMENDI (Laudio, 1995). Bertako bizimoduaren eta mendizaletasunaren inguruan mintzatu da. 

Hilabeteak daramatzazu Eslovenian. Zertan zabiltza?

Ikasketak direla eta Erasmus programaren baitan etorri nintzen irailean Ljubljanara, Esloveniako hiriburua. Nahiz eta atzerrira joateko herrialdeen zerrenda luzea izan, hasiera hasieratik nahiko argi neukan Esloveniara etorri nahi nuela. Izan ere, duela ia bi urte koadrilako beste lau lagunekin batera Yugoslavia zaharreko herrialdeetan eta Albanian barrena astebete pasa nuen bidaiatzen eta zonaldeaz guztiz maitemindu nintzen. Bestalde, mendia oso gogoko dut eta Esloveniakoak izugarriak zirela jakin banekien.

Mendian aritzeko aukera izan duzu, beraz.

Esloveniatik gauza bakar batekin geratu beharko banintz, bere paisaiekin geratuko nintzateke zalantza gabe. Toki turistikoenak Bled aintzira eta Postojnako leizeak diren arren (biak izugarriak), badira hain ezagunak ez izanik xarma handiagoa duten eta erabat txundigarriak diren txokoak. Gutxi batzuk aipatzearren, Škocjan leizeak, Bohinj eta Jasna lakuak, Soa ibaia eta Triglav mendiaren parke naturala azpimarratuko nituzke.

Baina zerrenda amaitezina da. Mendiei dagokienez, euren hormatzarrak, osatzen dituzten bailarak... Aukera izatekoan edozein mendizalek bisitatu beharreko tontorrak dira Juliatar Alpe eta Kamnik-Savinjako Alpeetakoak. Zorionez, hainbat asteburu pasa ahal izan ditut mendiotan: Triglav, Skrlatica, Grintovec, Dolgi Hrbet, Skuta... Zein baino zein ederragoa, baina guztien artean bat nabarmendu beharko banu, oraindik igo gabe dudan Jalovec litzateke. Ea eguraldia apur bat baretu eta Euskal Herrira bueltatu aurretik igo dezakedan!

Mendizaletasun handia dago Eslovenian?

Eslovenian kirola oro har nahiko uztartuta dagoela esango nuke. Saskibaloi zelaiak edonon ikus daitezke, running modaren aztarna nabaria da, futbol zelaiak ere ez dira atzean geratzen...

Baina, saskibaloiaren baimenarekin, mendizaletasuna eta eskalada dira Esloveniaren ikur (Herrialdeko banderak, esaterako, bere mendirik altuenaren, Triglaven, irudia darama). Tomaž Humar, Tomo Cesen, Andrej Stremfelj... asko dira historian zehar herrialde honek emandako puntako alpinistak. Eskaladari dagokionez ere, azken urteotan esloveniar taldea nabarmenki nagusitu da munduko lehiaketetan, Janja Garnbret izanik aipatu beharreko izarra. Mendizaletasuna beraz, handia da oso Eslovenian. Ljubljana ondoko Šmarna gora muinoa izan, zein iparraldeko mendi garaienak, astebururo esloveniarrak mendira irteten dira eta aurpegi alaiarekin “Jubio! Dober dan!” (Kaixo, Egun on!) bezalako esapideak behin eta berriro errepikatzen dituzte bidean inor gurutzatzen dutenean. Mendian jendea agurtzearen ohitura, antza, berdina da edonon!

Eta hizkuntza aldetik nola moldatzen zara?

Eslovenian esloveniera da nagusi, noski. Hala ere, lotsa aurpegiarekin esan beharra daukat eguneroko bizitzan erabilgarriak diren esaldi eta hitzak baino ez ditudala ikasi hilabeteotan: eskerrik asko, mesedez, kaixo, agur... Supermerkatuko hitzak ere primeran menperatzen ditut (barreak).

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide