Dantza Eguna egingo dute datorren ekainaren 28an -ostirala- Laudioko Aldai plazan, arratsaldeko zortzietan. Itxarkundia Dantza Taldeak bideratu du ekimena, eskualdeko hainbat talde eta norbanakorekin batera. “Taldeetako kideek ikasturtean zehar ikasi dituzten koreografiak plazaratuko dituzte”, aurreratu du Aitziber Tempranok. Itxarkundiako kideak nabarmendu duenez, aurten Laudioko Lautxirrinka irristaketa klubeko kideak batu dira egitasmora. Izaskun Del Cerro, Gaztela-Leoiko Zentroa, Itxarkundia eta Baisalako kideak ere arituko dira dantzan.
Bigarren edizioa
Iaz egin zuten ekimena lehenbiziko aldiz, apirilean, Dantzaren Nazioarteko Egunaren testuinguruan. “Jendeari asko gustatu zitzaion eta berriro egitea proposatu zuten. Baina apirilean San Prudentzio zubiarekin ezinezkoa zen egitea, horregatik animatu gara orain antolatzera”, azaldu du Tempranok, “ikuskizuna urtero errepikatzea izango litzateke gure asmoa”.
