“Aurten harrobia asko hazi da eta emaitza ikusgarriak izan ditugu”

Txabi Alvarado Bañares 2019ko eka. 6a, 08:16
Laudioko Atletismo Klubeko presidentea da Alberto Talledo Pinedo. / Aiaraldea.eus

Laudioko Atletismo Klubeko presidentea da ALBERTO TALLEDO PINEDO (Laudio, 1971) . Igandean egingo den Josito Memorialaren V. edizioari buruz mintzatu da.

Igandean izango da Josito Memoriala. Zer berrikuntza izango ditu aurtengo edizioak?

Gu beti saiatu gara proba kirolari herrikoira bideratzen, bera delako probak merezi dituena. Aurreko edizioetan apur bat erdipurdi geratu zitzaizkigun zenbait adin-tarte. Ume ugarik parte hartzen zuten, baina 14-18 urte bitartekoek ez zuten nola parte hartu. Horregatik, aurten 16 urtera arte zabaldu dugu hasierako lasterketetan parte hartzeko aukera. 16-18 urte bitartekoek, aldiz, 10 kilometroko lasterketan parte hartu ahalko dute, gurasoen baimenarekin betiere. Adin tarte horretako pertsonak gai dira lasterketa nagusia egiteko, horretarako prestatuak badaude. Hori da berrikuntza nagusia.

Elikadurari lotutako hitzaldia eskaini zenuten lasterketaren aurkezpenean. Zer dela eta?

Zerbait ezberdina egin nahi genuen, bestela aurkezpenak bost minutu iraungo zuelako. Nutrizioaren gaia jorratzea erabaki genuen, kirolean zein bizitzan oso garrantzitsua delako.


“16-18 urte bitarteko gazteek parte hartzeko aukera izango dute aurtengo Josito Memorialean”



Dozenaka lagun bertaratu ziren aurkezpen horretara. Kluba osasuntsu dagoela dirudi.

Bai, oso giro ona dago. Bakoitzak bere zeregina du. Jende ugari kanpoan geratu zen, erabilera anitzeko aretoa txiki geratu zelako.

Harrobi indartsua izango duzue, beraz.

Bai. Aurten harrobia asko hazi da eta emaitza ikusgarriak izan ditugu. Bi urte daramagu zuzendaritza berriarekin. Federatuak eta eskola mailakoak banatzea erabaki dugu.

Edu Frutosek lan handia egiten du federatuekin eta emaitzak agerikoak dira. Eskola mailakoak eta federatuak batuta, 100 kide inguru egongo dira klubean.

Josito Memoriala izango da ikasturteko azken proba. Zein helburu dituzue datorren urteari begira?

Eskola mailan hilabete honetan amaituko dira jarduerak eta federatuetan, aldiz, uztailean. Urritik aurrera hasiko da kros denboraldia.

Baditugu erronka ugari. Korrikalariak apur bat hobeto trebatu nahi ditugu, bakoitzak bere diziplinan sakontzeko. Garaiak aldatzen dira, duela 30 urteko entrenamenduek eta gaur egungoek ez dute zerikusirik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide