Nola bukatu zenuen klandestinitatean?
Nire senarra eta biok beti egon ginen ados gauzak hobera aldatu behar zirela. Francoren diktaduraren garaia zen eta dena zen oso zaila. Jose Hermandad Obrera Catolica antolakundean zegoen eta ni Juventudes Obreras Cristianasen. Gure iritzia zen, Euskadin bizi ginen neurrian, hemengo gizartea eraldatu behar zela. Guk uste genuen gauzak aldatu ahal zirela inor hil gabe, baina ETAren egoera bestelakoa izan zen gerora.
Josek Aceros enpresan lan egiten zuen eta aldi berean unibertsitatean ikasten zuen. Burgoseko prozesuaren garaian manifestazioetan parte hartu zuen eta politikan nahiko sartuta zegoen.
Garai horretan bi seme genituen jadanik, eta gero nire senarrak Josu Urrutikoetxea ETAko militantearekin izan zuen harremana. Gure semeek 2 eta 3 urte bete behar zituztenean, abuztuaren 29an, zerbait larria gertatu zen.
Senarrak auto bat zuen, Seat 600 bat, nahiz eta gida baimenik ez eduki. Nire anai batek, ordea, bazuen baimena.
Edonola ere, kontua da autoa ekintza batean egon zela. Egia esanda, komandoak ez zuen horretarako asmorik. Propaganda garraiatu nahi zuen bakarrik, baina udaltzain batek ikusi zuen autoa, susmagarria iruditu zitzaion, topatu zuen atea irekita eta barruan giltza.
Guardia Zibilarekin harremanetan jarri zen eta itxaron zuten ETAko kideak agertu arte. Horien artean zegoen Wilson. Guardia Zibilak atxilotu zituen eta kuartelera eramateko asmoa zuen.
Komandoko batek pentsatu zuen kuartelera helduz gero, torturaren bitartez emango zutela zuten informazio guztia. Orduan, pistolarekin guardia zibil bat apuntatu zuen eta agindu zion autoa gelditzeko, ihes egin zezaten. Tamalez, udaltzaina saiatu zen arma kentzen eta, tirabira baten ondorioz, udaltzaina bera hil zen.
Egoera oso larria zen eta Joseri nik jakinarazi nion. Irratia entzuten ari nintzen eta nik, nahiz eta gauza asko ez nekizkien, zerbait sumatu nuen. Jose etxera heldu zenean esan nion zer entzun nuen. Berak ekin zion galdetzeari, jakiteko joan behar zuen edo ez. Bitartean erabaki zuen patxadaz bazkaltzea. Bere logika zen atxilotuz gero elikatzea beharko zuela eta ospa egin behar izatekotan ezkutatzeko, ere bai.
Edonola ere, gero Basauriko ikaskide baten laguntzari esker joan ginen gertakarien lekura; senarra, nire semea Iñigo -bestea familiarekin zegoen- eta hirurok. Semeak ezagutu zuen autoa eta bistakoa zen egoerak ez zuela atzera bueltarik. Bilboko Udaletxe inguruan utzi genuen Jose. Berak eskatu zidan hitz egiteko lankide batekin dokumentazioa erretzeko lantegiaren labean. Semea eta biok trena hartzera joan ginen eta Basaurin eman nion mezua bere lankideari.
Etxera heldu nintzenean dena zegoen Guardia Zibilez beteta. Galdetu zidaten ea Jose Luis Navarroren emaztea nintzen, erantzun nien baietz eta ez nekiela noiz itzuliko zen, unibertsitatera joan zelako. Eurek ez zidaten ezer azaldu. Etxe osoa miatu zuten, pertsianen kutxak eta guzti ireki zituzten.
Amurrioko teniente batek gidatu zuen operazioa, eta edukazio onekoa zela aitortu behar dut -Laudioko kapitaina oso ezatsegina zen, gehienbat, emakumeekin-. Eskatu zidan armairuak nik irekitzeko eta batean topatu zituzten ETAko eskuorriak, erregimenaren ekintza baten boikota eskatzen zutenak.
Atxilotu zintuzten?
Nire koinatuaren etxean ere egon ziren, bera apaiza zen, eta bere esku utzi behar izan nuen Iñigo, Guardia Zibilak eraman baininduen. Agindu zidaten arropa hartzeko eta, lehenik eta behin, Laudioko kuartelera bideratu ninduten. Han zeuden nire neba bat: Clemente -autoa bere izenean zegoen- eta Juan Domingo, baita nire koinatu bat ere. Nire koinatua ez zuten eraman La Salveko kuartelera, besteok, ordea, bai. Furgoi batera igo eta La Salven banatu gintuzten. Ni gela batean nengoen bakarrik eta noizean behin Guardia Zibilak sartzen ziren. Batek egiten zuen polizia onaren papera eta besteak txarrarena. Esaten zidaten nire senarra Frantzian emakume batekin bikote berria izango zuela, edo atxilotuko nindutela eta semeak kendu.
Joseren ikaskideei buruz galdetu zidaten eta nik esan nien, esatearren, bat Begoñan bizi zela. Atera ninduten bere etxea bilatzeko eta nik ez nuen ideiarik nora eraman. Bigarren egunean zorabiatzen hasi nintzen, ez bainuen onartzen eskaintzen zidaten ura edo janaria, auskalo zer zuen.
Jakinarazi nien zorabiatzen ari nintzela eta esan nien hilekoa izan behar nuela. Izutu ziren eta Guardia Zibilaren kapote bat bota zidaten gainetik, oraindik sentitzen dut lepoan, amorru bizia sortu baitzidan. Egun horretan komunera eraman ninduten eta bidean ikusi nuen nire neba. Oinak puztuta zituen, mota guztiko basakeriak egin baitzizkioten. Jose Luis Cuerda abokatuari esan zioten polizia konbentzituta zegoela ez zekiela ezer, tortura horiekin zerbait jakin izan balu, kontatuko baitzuen.
Gero ziegetara bidali ninduten eta han nire neba Juan Domingorekin egin nuen topo, jende asko baitzegoen atxilotuta. Bera apur bat geroago askatu zuten. Gero ni ere libre utzi ninduten. Erabat galdu nuen denboraren neurria 3 egunen ostean. Hortaz, etxera joan nintzen eta han zeuden nire semeak eta nire aita, bera negarrez, oso sentibera baitzen.
"Nire neba Clemente basatiki torturatu zuen Guardia Zibilak"
Berak espero zuen Clemente -nire neba- berehala askatzea, baina nik banekien torturaren markak kendu behar zizkiotela lehendabizi. Horrela izan zen, Clementek 3 hilabete eman zituen Basauriko espetxean. Kartzelan egindako bisita batetik oso larrituta etorri nintzen. Kolpeen ondorioz belaunetan ur poltsa batzuk atera zitzaizkion eta ez zutenez zaintza medikurik, minaren eraginez zorabiatu zen. Abokatuaren bitartez medikuarekin hitz egin genuen poltsa horiek kentzeko. Azkenean, azaroaren bukaeran atera zen.
Jende askok uste du nire nebak gorrotatzen gintuela, baina kontrakoa izan zen. Berak esan zidan: "lehen ez neukan oso argi zein zen nire iritzi politikoa, orain oso argi daukat".
Nire neba askatu baino lehen, Josek mezua helarazi zidan bisitatu zuen lagun baten bitartez. Esan zidan elizara joan behar nintzela egun jakin batean, han apaiza batek bere eskutitza emango zidan eta. Gizon hori eskuindarra zen, baina, aldi berean, fededuna zen, eta inoiz ez gintuen salatu.
Eskutitz horri esker jakin izan nuen Iparraldean zegoela, Urdaxetik igaro ostean. Ez zen txantxa hori egitea. Izan ere, hurrengo zeharkaldian tiroketa egon zen leku berean.
Eta Iparraldera joan zinen bisitatzera?
Nik ez nuen pasaporterik eta ez zidaten eman behar. Orduan, Gardeako apaizarekin -Jose Mari Urkijo- hitz egin nuen. Berak jende oro laguntzen zuen, berdin zitzaion eskuinekoa edo ezkerrekoa izatea. Gotzainari hitzordua eskatu zion -Francoren emazteak hautatutakoa-. Bi semeekin joan nintzen berarekin hitz egitera eta Gardeako apaizak azpimarratu zidan azaltzeko familia zatitua zegoela. Horri esker -ez zuen familia banatua egotea nahi-, komisarioarekin harremanetan jarri zen eta baimenak ematen zizkidaten, 48 ordukoak. Ostiraleko 00:00etan hasi eta igandeko 00:00etan bukatzen ziren. Apaizak berak eramaten gintuen mugara. AP-8 ez zegoen guztiz eraikita, bidaia luzea zen.
Bi hilabetez eman zizkidaten baimen horiek, baina komisarioak, azkenean, esan zidan Guardia Zibilari eskatutako txosten guztietan esaten ziotela nire aurka ez zegoela ezer, baina terrorista baten emaztea izanik, susmagarria nintzela. Ondorioz, iradoki zidan beste bide bat erabiltzea baimenak eskuratzeko. Jakinarazi nion Joseri eta hark Irungo kazetari batekin jarri ninduen harremanetan, Lekuona.
"Faisan tabernan jaso nituen baimenak nire senarra Iparralden bisitatzeko"
Eta zer egin zenuten?
Baimenak eskuratzen hasi nintzen, mota berekoak ziren, baina Faisan taberna famatuan jasotzen nituen, Joseba Elosegik ematen zizkidan. Han guardia zibilak, poliziak eta kontrabandistak zeuden. Apaizarekin gurutzatzen genuen muga eta bera Laudiora itzultzen zen gero. Zorionez, Ernesto eta Iñigo nituen, laguntza ikaragarria izan ziren.
Behin Josek eskatu zidan eguerdian gurutzatzeko muga eta, posible izanez gero, baimena ez zigilatzeko. Hori egin ostean, Hendaiara heldu nintzen eta etxean zegoen jende guztia, nire senarra izan ezik. Hasieran pentsatu nuen poliziak deportatu izan zuela, baina gero konturatu nintzen muga zeharkatu zuela estatuan sartzeko. Solik une horretan pentsatu nuen dena uztea eta Laudiora itzultzea semeekin.
Jose Luisen kide batzuek konbentzitu ninduten Iparraldean geratzeko. Arrazoia zuten eta azaldu zidaten poliziak nire mugimenduak ezagutzen zituela, Hendaiara ez banintzen itzultzen nire senarra ez zegoelako, litekeena zen ni atxilotzea edo galdetegia egitea informazioa eskuratzeko bere kokapenari buruz. Hori 1973ko apirilean izan zen.
"Txillardegiren auzokideak ginen Hendaian"
Han Txillardegiren auzokideak ginen. Bere emazteak Ikastola bat zuzentzen zuen eta Iñigo eta Ernesto inskribatu nituen. Ekainaren 24ra arte Jose ez zen agertu. Eskutitzak bidaltzen zizkidan barkamenak eskatzeko eta jakinarazteko ondo zegoela. Tentsio hori guztia gainditzeko saiatzen nintzen ondo lo egiten eta elikatzen, ezinbestekoa baitzen.
Hala ere, hilabete horietan, noizbait entzuten nituen bere kideak, nahiz eta eurek nahi ez, aipatzen Jose Luisek ihes egin behar izan zuela Nafarroan, Kataluniatik igaro behar izan zela... Zehazki, Gironatik gurutzatu zituen Pirinioak. Imsersoarekin egin genuen bidaia hortik eta erakutsi zidan nondik egin zuen.
Orduan laurok hasi zineten erbestean bizitzen.
Bai, lagundu gintuen Jose Luisek eta biok elkar asko maite genuela eta ondo moldatzen ginela, bestela ezinezkoa izango litzatekeen. Iparraldean Mugalde liburu denda antolatu zuten modu arrakastatsuan. Francoren ministro batek ere bertara bidaltzen zuen txoferra liburu politikoak erostera. Hori baino lehen Josek Urruñan lan egin zuen tailer batean eta, aldi berean, klaseak eta hitzaldiak ematen zizkien ETAko militanteei. Hala ere, nik ez dakit zer gehiago egin zuen, zuhurtziaz ez dut galdetu izan nahi. Hendaian bi urtez bizi ginen, eta gero Baionara joan ginen.
"ETAren bilakaera militarra ikusita, nire senarrak erakundea utzi zuen"
Gero, ETAren bilakaera militarra ikusita, Josek erabaki zuen militantzia uztea. Ondorioz, Belgikara jo genuen, Josek soziologia ikasketak bukatzeko Lobainan. Anberesera joan ginen bizitzera eta Josek lan egiten zuen ahal zuen leku guztietan, teilatuak konpontzen, adibidez. Belgikan errefuxiatu baimena genuen eta beka txikia zuen Josek. Ni hasi nintzen lanean Baionan etxeak garbitzen eta Anberesen ere egin nuen lan garbitegi batean. Bezero batek proposatu zidan "klub" batean lan egitea, ezezkoa eman nion, jakina. Gero Bruselara mugitu ginen.
Anberesen MPAIAC (kanariar independentismoaren alderdi komunista) mugimenduko kide bat ezagutu genuen eta berari esker, errefuxiatuak ez ziren lagun asko. Horietako batzuek legez kanpoko negozioak zituzten. Bat II. Mundu Gerran Erresistentzian aritu zen eta gero ilusioa galdu zuen, ikusita jende askok, alemaniarren inbasioaren aurka ezer egin ez zutenak, beste pertsona batzuk salatzen zituztela arrazoi pertsonalen ondorioz.
Gizon horrek nahi zuen Josek berarekin lan egitea, klandestinitatean garatutako zenbait trebezia baliatzeko. Josek ezetz esan zion. Behin urtebetetze batean etorri ziren etxera eta El padrino filmean geundela sentitu nuen.
Edonola ere, Belgikan Espainiako etorkinak ezagutu genituen: galiziarrak, Extremadurakoak... eta Garcia Lorca zentroan topatzen ginen Bruselan. Bestelako bizitza egiten genuen eta ez zen arazorik gertatu ETArekin, gero, ordea, bai, Yoyesen kasuan bezala.
Gure etxea lortu arte, Santurtziko gizon baten tabernan bizi ginen eta laguntzen genion. Gure lehenengo etxean ia hil ginen gas isurketa bat zela medio.
Noiz itzuli zineten Euskal Herrira?
1977an. ETA utzi arren, harremana genuen Argalarekin edota Txomin Iturberekin eta Jose "Pertur"-en lagun mina zen. Horrez gain, jende gehiago ezagutu genuen; Hendaiako bikote bat, hain zuzen. Pantxoa Oiartzungo errefuxiatuen semea zen eta emaztea armeniarren alaba, Anette. Biek ETAko militanteak izugarri lagundu zituzten. Biak hil ziren bere alabak bere buruaz beste egin ostean, bata minbiziaren ondorioz eta bestea bihozminaz. Alde afektiboa oso mingarria da, jende pilo geratu baita bidean.
Laudiora itzuli ginenean Jose alderdi komunistan zegoen eta HBko askorentzat traidorea eta espainolista hutsa zen. Berez, bueltatu eta gero, norbaitek informazioa ematen zion ETAri Joseri buruz, atentatua prestatu nahi baitzuten. Orduan Txomin Iturbek agindu zien ETAko kideei Jose bakean uzteko. Are gehiago, Txomin Iturbek lagun baten bidez jakinarazi zion Joseri nork eman zuen informazioa. Pertsona horren senarrarekin eta ezker abertzaleko agintariekin hitz egin zuen Josek gauzak argitzeko.
"Harremana genuen Argalarekin eta Txomin Iturberekin eta Jose 'Pertur'-en lagun mina zen. Txomin Iturbek agindu zion erakundeari Joseren aurka ezer ez egiteko"
Handik gutxira hil zuten Yoyes. Berez, Yoyesen hiletan ezagutu genuen Gipuzkoako jende bat eta eurei antzeko zerbait gertatu zitzaien. Une horretan oso jende intolerantea zegoen ETAn, gehienbat gazteak.
Gogoratzen dut Laudiora itzuli ginela herriko jaiak izan baino apur bat lehenago. Jaietan Herriko tabernara jo genuen eta ikusi nuen aho-zapiak zeudela ikurrinarekin eta esan nion zerbitzariari errespetu falta iruditzen zitzaidala ikur hori -hainbeste sufrimendu ekarri zuena legeztatzea- horrela erabiltzea. Berak galdetu zidan ea zer egin nuen aberriaren alde eta erantzun nion erbestetik bueltatu berriak ginela aurreko astean.
Bizitza zibilera itzuli ostean, aipatu dituzun pertsonak hil ziren. Nola bizi izan zenuten hori, nahiz eta erakundean ez egon?
Argalari lehergailua jarri ziotenean, Jose ospitalean zegoen eta guretzat disgustu ikaragarria izan zen. Argala gizon izugarria zen, oso konprometitua. Adibidez, bazuen lagun bat dentista zena eta horrek zianuro kapsula bat jarriz ion hagin batean. Argalak maiz esaten zigun bera atxilotuz gero, zianuroa irentsiko zuela torturak eta informazioa ematea ekiditeko.
"Argalak zianuro kapsula zuen hagin batean torturak eta informazio ematea ekiditeko"
Gogoratzen dut ere Josu. Zeberioko gaztea zen, militatzen eta lan egiten zuen aldi berean. Liberatu batzuk ekintzaren bat egiteko agindua izatrotera mugatzen ziren, eta ez zuten gehiagorik egiten. Gogorra da esatea, baina nik uste dut batzuk ez zirela itzuli lan ez egitearren.
Ba Josuk Hegoaldera gurutzatu zuen, beste kide batekin, Gadafi izenekoa. Norbaitek zelatatu zituen eta poliziak bazekien Irungo etxebizitza batean zeudela. Inguratu zituzten laupabost egunez eta, azkenean, hil egin zituzten. Josu erabat konbentzitua zegoen, baina bere bizitza militantea uztartzen zuen lanarekin.
Eta Txomin Iturbe?
Bere heriotza oso txarto eraman genuen. Bera "mili"-a bazen ere, oso zentzuduna zen eta adeitsua. Gu konturatu ginen jende onena desagertzen ari zela, atentatuetan edo beste arrazoien ondorioz.
"Nik ez dut uste hiltzea bidea denik, baina ETAk erakutsi zuen borrokaren bitartez gauzak aldatu behar zirela sozialki"
Orain 40 urte inguru igaro direla, nola baloratzen duzu zure bizitzaren aro hori?
Jende askok esaten du ETA ez zela existitu behar. Batzuetan nire buruari galdetzen diot hori eta agian ETA gabe berdin egongo ginateke Europan eta gauzak ez lirateke oso ezberdinak izango eta hildakoak aurreztuko genituzke. Hala ere, aldi berean, uste dut sozialki eragina ez zela negatiboa izan. Pizgarria izan zen. Gogoratzen dut Aceros itxi zenean Jose Extremadurara joan zela lan bila eta bertako institutu baten zuzendariak esaten zigula han beharrezkoa zela ETA bezalako mugimendu bat, jendea mobilizatzeko, ez baitzen ezer mugitzen. Agian gehiegi esatea da, baina nire aburuz ETAk eginkizun hori bete zuen.
Nik ez dut uste hiltzea bidea denik, baina ETAk erakutsi zuen borrokaren bitartez gauzak aldatu behar zirela sozialki. Izan ere, gauza bat argi dago; mugimendu armatu batean, ekintza bat burutzen denean, emaitzak berehala ikusten dira. Hori, nolabait "errazagoa" da eguneroko bizitzan egotea baino, zerbait aldatzeko onera udalean, guraso elkartea batean edo egunkari batean. Hori gogorragoa da emaitzen aldetik eta ideiak oso argi izan behar dituzu. Borroka hori ez da oso ikusgarria.
Jendea hiltzen bizitzak kentzea besterik ez duzu lortzen, baita amorrua, gorrotoa eta indarkeria sortzea ere.