Atxilotu bat Laudion, legez kanpoko migrazioa sustatzea eta dirua zuritzea leporatuta

Erredakzioa 2019ko eka. 11a, 20:20
Laudion, Bilbon eta Portugaleten egin dute operazioa. / Ertzaintza

Lau gizon atxilotu ditu guztira Ertzaintzak. Laudion ez ezik, Bilbon eta Portugaleten ere egin dute operazioa.

Legez kanpoko migrazioa sustatzen zuen eta dirua zuritzen aritzen zen talde baten aurkako operazioa burutu du Ertzaintzak gaur goizean Laudion, Bilbon eta Portugaleten.

34-41 urte bitarteko lau gizonezko atxilotu dituzte, talde kriminala eratzea leporatuta. Laudion atxilotutako gizonezkoa bere lantokian atzeman dute. Lau delitu egotzi dizkiete: herritar atzerritarren eskubideen eta askatasunen aurka aritzea, legez kanpoko migrazioa, dirua zuritzea eta agiriak faltsutzea.

“Maleta” izena jarri diote operazioari. Iaz abiatu zuten ikerketa, Bilboko Ertzain-etxeko agenteek etxebizitza bateko aurreko maizterrek utzitako maleta bat aurkitu zutenean. “Barruan autobus, tren, hegazkin eta itsasontziko tituluei buruzko dokumentazio ugari zegoen”, azaldu dute poliziek, “era berean, agiri pertsonal faltsuak, aldatuak eta benetakoak; bankuko transferentziak eta bidaltzaileenak; ibilgailuen plakak eta agiriak; eta Espainia gurutzatzeko eta Frantziara edo Europako beste leku batzuetara iristeko bideei eta ibilbideei buruzko jarraibideak ere aurkitu zituzten”.  

Urtebete luzatu da ikerketa. Poliziek ondorioztatu zuten taldeak diru gutxiren truke laguntzen ziela migranteei Espainiar Estatuan sartzen eta EAEra iristen, eta behin hona iritsita Frantziara eramaten zituztela, euren bidea jarrai zezaten.

“Zenbaitetan, taldeak aurretik kobratzen zuen bidaia, eta beste batzuetan, berriz, finantzatu egiten zuen migratzaileen bidaia, eta haiek helmugara iristean ordaintzen zuten zorra. Era berean, migratzaileei agiri faltsuak edo faltsutuak ere ematen zizkien Europan zehar bidaiatu ahal izan zezaten”.

Ertzaintzaren kalkuluen arabera, 1.500 euro arte kobratzen zuten emandako zerbitzuengatik eta, aurreikuspenen arabera, aurten 100 pertsona inguru mugitu dituzte Afrikatik Europara.

Operazio handia izan da. Ertzaintzaren hainbat talde mobilizatu dira: Ikerketako Sekzio Nagusia, herritarren babeserako baliabideak, Berehala Erantzuteko Patruilak –PRI–, Brigada Mugikorra eta Txakur Unitatea.

Dirua, agiriak eta material informatikoa antzeman dituzte egin dituzte miaketetan. Ikerketan aurrera jarraituko duela uste dute poliziek, loturak sumatu baitituzte talde honen eta “legez kanpoko migrazioa sustatzen, dokumentuak faltsutzen, kapitalak zuritzen, iruzur egiten eta drogarekin trafikatzen aritzen diren” beste batzuen artean.

Informazio gehiago, hemen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide