Indartuta datoz aurtengo Sanpedropeko Jaiak

Txabi Alvarado Bañares 2019ko eka. 20a, 07:00

Sukalki lehiaketa izango da jaien ekintza nagusienetako bat. Aldai plazan egingo dute norgehiagoka. / Aiaraldea.eus

Egun osoko egitaraua prestatu du Laudioko Jaiak Koordinakundeak ekainaren 29rako. Ohiko  Sukalki lehiaketaz  gain, bertsolariak, elektrotxaranga eta erromeria egongo dira arratsaldean eta gauean. Olinpiadak ere errepikatuko dituzte aurten Batzalarrin kalean, iazkoek arrakasta handia izan zuelako.

Ohi bezala, ekaineko azken larunbatean ospatuko dituzte Laudion Sanpedropeko jaiak. Egitarau oparoa antolatu dute Jaiak koordinakundeko aurtengo ediziorako, arratsalde eta gaueko eskaintza ere atondu baitute.

Sukalki lehiaketarekin emango diote hasiera egunari goizeko bederatzietan, Aldai plazan. Lehen postuan geratzen diren parte hartzaileek saskia eta txapela jasoko dituzte sari moduan, bigarren postua erdiesten dutenek saskia eta zapia eta hirugarrenek, aldiz, urdaiazpiko hanka. 

Ordubeteko tartea baliatuko dute epaileek sukalki onenak zeintzuk diren ebazteko. Bertsolariak egongo dira bien bitartean, plazan dagoen giroaren inguruak inprobisatzen. Bazkaria egingo dute gero, sukalkia oinarrizko plater moduan baliatuta.

Kontzertuak Alberto Aceron
Arratsaldean, aldiz, bingoa eta Beti Jai elektrotxaranga egongo dira. Olinpiadak egingo dituzte gero, arratsaldeko zortzietan Batzalarrin kalean. “Iaz egin genituen lehenbiziko aldiz, eta arrakasta handia izan zuten”, azaldu dute Jaiak Koordinakundeko kideek.

Iluntzean, aldiz, Alberto Acero plazara mugituko da jaia, erromeriak joko baitu bertan.
Sanpedropekoak amaituta, abuztuko Sanrokeei begira geratuko dira Jaiak Koordinakundeko kideak. Hainbat ekimen dituzte koadrilek esku artean abuztuko jaietarako. “Aurten ez dugu jolasgune erraldoia antolatuko. Saskibaloiarekin lotutako ekimen bat egingo dugu horren ordez, Baldarrak koadrilaren eskutik”, aurreratu dute.

Koadrila berria
Pozik daude Jaiak Koordinakundeko kideak, koadrila bat batu delako antolakundera. Azkenak du izena eta hogei urte inguruko gazteez osatua dago. “Ekimenak antolatzeko gogoak dituzte gainera”. Belaunaldi aldaketa, beraz, apurka apurka bermatzen ari dela dirudi.

EGITARAU OSOA

9:00 // Sukalki txapelketa
11:00- 13:00 // Umeentzako tailerrak
13:30-14:30 // Bertso saioa (Epaimahaiak sukalkiak dastatzen dituen bitartean)
14:30 // Bazkaria
16:00 // Bingoa
18:00-20:00 // Elektrotxaranga
20:00 // Olinpiadak eta ogitarteko jana, Batzalarrin kalean
23:00 // Erromeria

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide