Las Tea Party DJek girotuko dituzte Ugarteko Jaiak

Txabi Alvarado Bañares 2019ko eka. 21a, 07:00
Las Tea Party DJek girotuko dute auzoa larunbat gauean. / Saioa "Gauilunak"

Oraindik ez dute Ugarteko Jaien egitaraua guztiz zehaztu, baina ekintza gehienak aurreratu dituzte dagoeneko. Kontzertuak egongo dira ostiral eta larunbat gauetan. Egunean zehar, aldiz, beste hainbat jardueraz gozatzeko aukera egongo da Laudioko auzoan.

Ugarteko jaiekin hasiko da abuztuko ospakizunen maratoia. Uztailaren 31n -asteazkena- hasiko dira Laudioko auzo horretako festak, eta igandera arte -abuztuak 4- luzatuko dira.

Egitarau oparoa prestatu dute jai batzordeko kideek egun horietarako. “Atzoko gazteak” izango dira lehen eguneko protagonistak. Eurentzako bazkaria eta dantzaldia egongo dira, besteak beste. Abuztuaren 1ean, aldiz, Umeen eguna izango da: puzgarriak tailerrak, buruhandiak, pailazoak eta talo tailerra egongo dira.

 

Tokiko produktuen azoka, herri kirolak, umeentzako ekintzak eta beste hainbat jarduera antolatuko dituzte

 

Ostiralean ere goizetik gauera arte luzatuko da programa. Bolo eta kalba erakustaldia egongo da goizeko hamaiketan eta beste hainbat jarduera egongo dira jarraian: pilota partidak, igel toka txapelketa eta buruhandiak, besteak beste. Gauean, aldiz, kontzertuek hartuko dute protagonismo guztia. Oraindik ez dituzte oholtzara zein talde igoko diren zehaztu, baina hiru izango direla aurreikusi dute: eskualdeko talde bat, erromeria eta DJa.  

Larunbat eta igandean
Larunbateko kontzertuak, aldiz, zehaztuagoak daude. Las Tea Party DJek girotuko dute gaua, beste talde batekin eta erromeriarekin batera. Aurretik, baina, hainbat ekintza egingo dira auzoan: LaudiOn Egin elkartearen azoka, poteoak, bazkaria eta herri kirolak.

Igandean amaituko dira jaiak. Eguerdiko hamabietan tortilla lehiaketa egingo dute. Mus azkar txapelketa, umeentzako tailerrak eta odoloste jana egongo dira gero, jaien amaierako traka baino lehen.

EGITARAU OSOA

Uztailak 31, asteazkena

12:00 // Txupinazoa
12:00 // Txori kantarien lehiaketa
12:30 // Meza
13:15 // Poteoa Arloteekin
14:00 // Atzoko gazteen bazkaria
17:00 // Dantzaldia Otegirekin

Abuztuak 1, osteguna: Umeen Eguna

17:00-19:00 // Puzgarriak eta umeentzako tailerrak
18:00 // Buruhandiak
19:00 // Pailazoak
20:00 // Talo tailerra

Abuztuak 2, ostirala

11:00 // Bolo eta kalba erakustaldia
11:30 // Pilota partidak
16:00 // Igel toka Txapelketa
17:00 // Buruhandiak
19:00 // Asierren erakusketa
22:30 // Kontzertuak: Eskualdeko taldea, erromeria eta DJa

Abuztuak 3, larunbata

11:00 // Azoka:
LaudiOn egin
13:00 // Poteoa Aretako trikitilariekin
14:30 // Bazkaria
16:30 // Poteoa batukadarekin eta dantza plaza
18:00 // Herri kirolak
22:30 // Kontzertua, erromeria eta Las Tea Party DJs

Abuztuak 4, igandea

12:00 // Tortilla lehiaketa
16:00 // Mus azkar txapelketa
17:30 // Umeentzako tailerrak
21:00 // Odoloste jana
00:00 // Jaien amaiera traka

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide