Irakurketa plazaratu du Aiaraldeko Ikasle Autodefentsa Sareak Laudio Ikastolan garatutako borrokaren nondik norakoak azaldu eta lortutako emaitzak jendarteratzeko. Alexiaren aurkako dinamika abiatu zuen ikasle sareak duela zenbait hilabete eta, jakinarazi dutenez, web plataforma horren erabilera deuseztatzea lortu dute, “jadanik ez duelako infantilizatzeko, beldurra sortzeko eta subjektu bezala ezeztatzeko balio, edo beste hitz batzuetan esanda, bere funtzio diziplinatzailea ofizialki ez dagoelako aktibo”.
Azaldu dutenez, amaitu berri den ikasturtearen hasieran ekin zioten Laudio Ikastolan Alexia plataforma erabiltzeari, “ikasleei horren gaineko iritzia eskatu gabe”. Iazko urriaren 12an eginiko herri eskoletan sortu zen plataforma horren aurka jarduteko ideia. “Herri Eskolak pasa eta hurrengo astean asanblada deitu genuen, erasoaren aurrean zer egin erabakitzeko, eta gure hautua, pasotismoaren aurrean, autodefentsa artikulatzea izan zen. Horrela sortu zen AIAS, Aiaraldeako Ikasle Autodefentsa Sarea”.
Orduan hasi ziren Alexiaren aurkako borroka garatzen. “Hasieratik ulertu genuen Alexia urrats bat gehiago baino ez dela izan, hau da, sistema kapitalistak sumiso nahi gaitu, eta erasoak uneoro pairatzen ditugu ikasleok. Alabaina, nonbaitetik hasi beharra dagoelako, Alexia etetea izan zen gure lehen erronka. Lehen pausua zuzendaritzari azalpenak eta Alexiaren etetea eskatzea izan zen. Ez genuen inongo erantzunik jaso”.
Gauzak hala, mobilizazioak egiteari ekin zioten. “Zeharo aldatu zen zuzendaritzaren jarrera. Bat batean haiek ziren gure atzetik zetozenak biltzeko eskatuz. Borrokak bere fruituak eman zituen. Alabaina, zuzendaritzak bere burua biktimizatu eta gurea kriminalizatzeko saiakera egin zuen, gure borrokari zilegitasuna kendu nahian eta horrek jende batengan zalantzak eragin zituen”.
Erabili zituzten “aldarri eta moldeak” egokiak izan zirela uste dute autodefentsa sareko kideek, baina aitortu dute borrokarekin “horren indartsu” hazteak dinamikara jende gehiago batzea galarazi zuela. Horregatik, borrokaren zentzuaren transmisioari garrantzi gehiago eman behar zaiola ondorioztatu dute, “zapaldu orok gure gain har dezagun borrokaren beharrezkotasunaren kontzientzia”.
Bide luzea egiteke
Hala ere, oraindik aurretik “bide luzea” dutela ohartarazi dute. “Alexia indargabetzea lortu dugu, bai, baina kapitalak uneoro behar du produktibitatea handitu, eta horregatik ondo dakigu erasoak ez direla etengo eta gure auto-antolakuntzan sakondu egin behar dugula, elkarrekin indartsuagoak garelako”, azaldu dute, “ikasleok subjektu gisa aitortuak izateko oraindik ere bide luzea dugu, infantilizazioak klase-dominazioaren dispositibo gisa jokatzen duen heinean, kapitalismoa suntsitu arte ez gara berataz libratuko”.
Era berean, garaipena ikasleen “auto-antolakuntzaren eta borrokaren bidez” lortu dela azpimarratu dute, eta “Euskal Herri osoan zehar” sortu diren beste autodefentsa sareek eginiko lana goraipatu dute, eta talde horien aurka sortu diren kritikak ere izan dituzte hizpide: “autodefentsa sareak zapalkuntzaren aurka altxatu ahal izateko eta emaitzak lortzeko mekanismoak dira eta ez, beste batzuek hedatu nahi duten bezala, jaleoa eta klasea galtzeko Baterajotze Nazionalak deitzeko aitzakia. Ikasle mugimenduak aurrerapauso handiak ematen ditu azken urteetan, ikasleen benetako beharrizanei helduz eta hauei erantzuna emateko baliabideak sortuz”.
Autodefentsa sareak
Iaz ekin zioten ikasleen autodefentsa sareak sortzeari Euskal Herriko hainbat txokotan. Tokian tokiko borrokak garatu dituzte. Tosaldeko sareak, adibidez, Orixe ikastetxeko ebaluazio sistema aldatzeko dinamika jarri zuen martxan. Iruñerrikoan, aldiz, Eunate institutuan dauden segurtasun kameren aurka jardun dute. Bi kasuetan Baterajotze Nazionalak deitu zituzten autodefentsa sareek, Euskal Herri guztiko ikasleen babesa jasotzeko; eta, jakinarazi dutenez, bi kasuetan lortu dituzte planteatutako aldarrikapenak egikaritzea. Aiaraldean, aldiz, momentuz ez dute horrelako mobilizazio nazionalik deitu.