“Brexitaren ondorioz, pasaporte irlandarra eskuratuko dut agian”

Aitor Aspuru Saez 2019ko eka. 28a, 07:00
Laudion bizi da gaur egun Daryl Hanlon. / Aiaraldea.eus

DARYL HANLON (Ingalaterra, 1978) hamar urte zituela etorri zen Londresetik Euskal Herrira. Gaur egun Laudion bizi da.

Non jaio zinen?

Berez, Londresen jaio nintzen. 10 urte nituenean etorri nintzen Euskal Herrira familiarekin, 1989an. Geroztik bizitza osoa eman dut hemen, Irlandako Errepublikan bizi izan nintzen 3 urteak kenduta. Sukarrietan, Muruetan -Gernika-, Gasteizen eta, azkenik, Laudion bizi izan naiz azken 8 urteak.

Nire ama Bilbokoa zen eta aita irlandarra. Londresen bizi ziren eta nik uste dut nazkatu egin zirela.  Bizitza lasaiagoa nahi zuten eta etorri ginen garaian izan zen Margaret Thatcherren Poll Tax afera, hau da, jende orori zerga kopuru bera ordaintzeko ahalegina egin zuenean, bakoitzaren diru sarrerak aintzat hartu gabe.

Zer gogoratzen duzu zure Londres eta Irlandako garaiei buruz?

Txikia nintzenez gehien oroitzen dudana eskola da. Londresi dagokionez, gogoratzen dut oso leku lasaia zela. Egia da hiriburu oso handia eta jendetsua dela, baina nire kalean ez zegoen trafikorik, han amaitzen zelako errepidea, eta handik ibiltzeko aukera genuen, herri batean bezala.

Aldaketa handia izan zen zuretzat Euskal Herrira etortzea?

Bai. Hizkuntzaren kontua, adibidez, oso gogorra izan zen. Abuztuan heldu ginen eta Gernikan hasi nintzen ikasten irailean. Erdaraz moldatzen nintzenez apur bat, erabaki nuen erdaraz ikastea. Esan zidaten agian errepikatzeko beharra izango nuela hizkuntzagatik, baina buru-belarri jarri nintzen eta, ez nuen ikasturtea berriro egin behar izan.

Hala ere, denborarekin uste dut akatsa izan zela. Nire arrebak euskaraz ikasi zuen eta orain primeran mintzatzen da bizkaieraz. Nik, ostera, ulertu bakarrik egiten dut.

Horrez gain, klima aldaketa nabaritu nuen. Hemen euri gutxiago daukagu eta egunak luzeagoak dira. Han neguan 16:00etan gaua heltzen da.

Eskolan nabaritu nuen harremana irakasleekin askoz informalagoa zela. Hemen izena erabilita hitz egiten nuen irakaslearekin eta han ez zen horrela.

Hasieran lagunak faltan botatzen nituen, baina gero lagun berriak egin nituen. Hala ere, zaila izan zen.

Ez duzu sentimendu abertzale berezirik?

Bai, egia esanda, ingelesa naiz pasaportea dudalako, baina hortik harago ez naiz ingeles sentitzen. Adibidez, Brexitaren ondorioz, pasaporte irlandarra eskuratuko dut agian (Berdin dit, paper bat da). Erresuma Batuak eta Estatu Espainiarrak lortzen duten akordioaren arabera izango da.

Ingelesa zure ama hizkuntza izan ez ezik, zure lan tresna ere bada.

Bai, hasieran elektronika ikasten hasi nintzen, baina utzi nuen; eta konturatu nintzen itzulpengintzan ondo moldatzen naizela.

Zure alaba laudioarra da, nola moldatzen zarete hizkuntzen esparruan?

Nik beti hitz egiten diot ingelesez, baina ez dut lortu berak hizkuntza horretan erantzutea. Gazteleraz egiten dit, ziurrenik etxean bikoteak eta biok horrela egiten dugulako. Gutxienez, dena ulertzen du eta hori irabazten du.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide