"Inork ez zuen espero futbol jokalari profesionala izango nintzenik"

Aitor Aspuru Saez 2019ko eka. 28a, 07:02
Kali Garrido baloia eskuan duela eta jantzitako zenbait kamisetarekin. / Aiaraldea.eus

KALI GARRIDO (Laudio, 1972) futbol jokalari profesionala izan da hainbat taldetan: Eibar, Sestao, Levante, Gava, Figueres, Amurrio, Laudio... berarekin mintzatu gara bere ibilbide luzearen balorazioa egiteko.

Dozena bat futbol taldetan jokatu zenuen futbolari profesionala zinenean, nolakoa zen hori?
 
Nire kasuan ia urtero aldatzen nuen kluba, eta horrekin hiria eta taldea. Hasieran kostata egiten nuen, baina beti moldatzen nintzen ondo. Izan ere, zorte ona izan dut eta aldagelako giroa oso ona zen. Horregatik, moldaketa ez zen hain gogorra.
 
Nire emaztearentzat ahalegina handiagoa zen. Azken finean, ni leku batera heltzen nintzen eta nire lana egiten hasten nintzen.
 
Erroak sortzen nituen hiri batean, taldekideekin adiskidetasun handia ere garatzen nuen eta denboraldi amaierak gogorrak ziren, klubek jakinarazten zidatenean ez nuela jarraituko. Hori zaila zen.

 

"Urtero taldea aldatzea gogorra zen"

 

Urteen poderioz harremana galtzen joaten zara jendearekin, baina zenbait lagunekin mantentzen dut eta noizbait oporretan joaten naizenean, bisitatzen ditut eta polita da hori gogoratzea.
 
Adibidez, Linares taldea promozioa jokatzen ari da eta urte bakarra egon banintzen ere, jokalari ohiei eskatu ziguten bideoa grabatzeko egungoak motibatzeko. Horrek esan nahi du egon naizen lekuetan egokitu naizela eta itxura ona utzi dudala.
 
CD Laudion egotetik Sestao River taldean 2. B mailan jokatzera igaro zinen. Nolakoa izan zen aldaketa?
 
Inork ez zuen espero. Ez nik, ezta nire taldekideek ezta klubak ere. Betidanik jokatu izan nuen Laudion; Lamuzako taldean, gero Saguzaharraken eta, talde hori desagertu zenean, 14 urterekin Laudiora egin nuen jauzi, 21 urte bete arte.
 
Erregional mailan jokatzen ari nintzen eta irailean esan zidaten 2. B mailako entrenatzaile batek nahi ninduela. Oso azkarra izan zen dena.

 

"Erregional mailan jokatzetik telebistan ikusitako jendearekin egitera igaro nintzen"

 

2 egunetan kontratua aurkeztu zuten, sinatu nuen eta ordaindu zuten. Zehazki, 400.000 euro ordaindu zituzten, 1993an dirutza zen.
 
Ilusio ikaragarriarekin joan nintzen, telebistan ikusitako jendearekin egoteko; Errealekoa, Athleticekoa... Salto handia izan zen, erregionaletik 2. B mailara jaitsi zen talde batekin aritzera pasatzeko. Dena izan zen oso azkarra eta zorte handia izan nuen, hasieran Sestaon gauzak oso ondo atera baitziren.
 
Zergatik inork ez zuen espero zuk urrats hori ematea?
 
Epeak betetzen joaten nintzen Laudioko kategorietan eta 15, 16 eta 18 urterekin mugimenduak ikusten ziren. Batzuk Lezamara eramaten zituzten edo beste klub batzuetara.
 
Dena den, nik oso argi nuen. Lagunekin gozatu nahi nuen hemen. Athleticeko jarraitzailea nintzen eta nire ametsa hor jolastea zen, baina ez nuen hori buruan.
 
Ez nuen uste futbola nire ogibidea izango zenik eta hemen jarraitzen nuen lagunekin, egun osoa baloiarekin. 21 urterekin heldu zitzaidan aukera eta baliatu nuen.

 
 

Zure burua nola definitzen zenuen jokalari gisa?
 
Aurrelaria nintzen eta hainbeste urtez talde ugaritan egonda, esango nuke baloratzen nindutela erdiko aurrelari langile eta borrokalaria izateagatik.
 
Hori taldeek baloratzen zuten. Gainera, jokalari euskaldunon ospea zen jende sendoa, langilea eta oso zintzoa ginela. Uste dut horiek zirela nire ezaugarriak.
 
Zure ibilbide profesionalean zeintzuk dira une gozoenak?
 
2. eta 2. B mailan jokatuta, une batean jende ororen arreta erakarri nuen Figueres taldearekin FC Barcelona kaleratu genuenean Errege Kopan. Zorte handia izan nuen eta gola nik sartu nuen. Hori izan da nire lorpenik famatuena.

 

"FC Barcelonari gola sartu nion eta Errege Kopatik kaleratu genuen"

 

2. B mailako jokalariak ginen eta ez genuen jarraipen askorik. Hori bai, hurrengo egunean hedabide guztietan egon nintzen eta aste osoan ere. Elkarrizketa ugari erantzun nituen eta ondo eraman nuen.

Ez dut inoiz jokatu 1. mailan, baina une hori beti oroituko dut eta oso polita izan zen egun horiek bizitzea.
 
Gerora jende askok gogoratu nau gol horren ondorioz.
 
Igoerak ere erdietsi zenituen.
 
Bai, helburu politak lortu ditut. Talde ugaritan jokatu dut eta zorionekoa izan naiz, klub garrantzitsuetan igoerak bizi izan baititut.
 
Urteen poderioz 1. mailara heldu dira: Levanterekin, Tarragonako Nasticarekin, Sestaorekin ere 2. mailara igo ginen, Mirandesekin 2. B mailara...
 
Esan bezala, 1. mailan aritu ez naizen arren, gauza garrantzitsuak erdietsi ditut beste kategoria horietan. Zorionekoa izan naiz.
 
Une garratzak ere izan dituzu.
 
Gertakari desatseginen artean dago honakoa: Sestaon 2. mailara igotzea lortu genuen eta urtebetez egon ginen kobratu gabe. Bi astez itxi ginen aldagelan eta igoerako promozioa jokatu genuen.


"Zorionekoa izan naiz eta 2. eta 2. B mailan jokatu dudanean klub guztiek ordaindu didate soldata"



Oso txarto eraman nuen, jokalariok gure lana egiten genuen eta garaiko presidenteak ez zuen kluba ondo kudeatu. Oso gogorra izan zen.
 
Zorionekoa izan naiz, 2. eta 2. B maila kategorietan egonda, klub guztiek ordaindu dute eta hori oso zaila zen. Urte horietan bazeuden asko eskaintzen zuten klubak, baina gero zorrak uzten zituztenak.
 
Bestalde, Amurrion jokatzen une politak bizi izan nituen, baina niretzat oso gogorra izan zen kategoria jaitsiera. Urte luzez egon zen Amurrio 2. B mailan eta 4 denboralditan bertan jokatu eta gero eta kapitaina izanik, egoera hori egokitu zitzaidan.
 
90eko hamarkadan Laudion kirol erreferente argia izan zinen. Nola baloratzen duzu hori eta zure ibilbide profesionala?
 
Oso harro nago nire kirol ibilbideaz. Profesionalek baloratzen dute egin dudana, oso zaila baita urterik urte 2. mailan edo 2. B mailan aritzea eta taldeak zurekin harremanetan jartzea zu fitxatzeko. Balio handia ematen diot nik horri. Urtero zerotik hasi beharra nuen, adibidez.

"Ez nekien ibilbide profesional luzea egingo nuenik"


Nik ez nekien hain denbora luzez egon behar nintzela futbol profesionalean jokatzen, hori baitzen gehien gogoko nuena.
 
Bizi izan dudan guztia oso polita izan da. 21 urte bete arte Laudion egon nintzen eta gero jauzia eman eta mantendu nintzen. Hori guztia lortu nuen herriko taldean jokatu nuelako, inolako presiorik gabe, ondo pasatzen nuen, taldekideok oso giro ona genuen eta azkenean hori oso garrantzitsua da.
 
Nire ustez, hori aldatu da. Orain umeak sakatzen dituzte oso gazteak izanik eta zentzu horretan, garai hobeak bizi izan nituen.
 
Behin ibilbide profesionala bukatuta, nolakoa da bizitza?
 
Emaztea eta biok hemengoak gara, Laudiokoak, eta argi genuen itzuli nahi genuela. Linaresen geundela hasi ginen familia osatzen.
 
Futbolaren munduan hainbat jende ezagututa, aukera nuen futbol profesionalean jarraitzeko beste modu batean, jokalaria izan gabe, baina argi genuen Laudion egin nahi genuela bizitza.
 
Izan ere, nire ibilbide profesionala CD Laudion amaitu zen, 3. mailan, eta garai horretan hasi nintzen curriculumak mugitzen. Ez neukan inongo arazorik lan egiteko kirolari profesionala izan eta gero.
 
Bestalde, nik lan egin dudan kategorietan ez da jasotzen 1. mailan irabazten den dirua. Hori argi nuen eta bizitza honetara egokitu naiz.
 
Orain Envases enpresan lan egiten dut, oso gustura nago eta futbolera lotuta jarraitzen dut CD Laudion. Kluba zegoen egoeragatik erabaki genuen lagun talde batek bultzada ematea eta ilusioa dugu gazteek esperientzia izan duen jendearen laguntza dutelako, baita klubean egondako kideen erreferentzia.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide