Gaur udal osoko bilkura egin dute Laudion legealdi berriko hainbat kontu tekniko zehazteko: udal gobernu batzordearen osaketa, sailen banaketa, udalbatzen ordutegiak... baina polemika gehien sortu duen puntua soldatena izan da.
EAJ eta PSE-EEren aldeko bozkekin eta Omnia eta EH Bilduren aurkako botoekin egin du aurrera proposamenak. Hala, Ander Añibarro alkateak 66.000 euroko jasoko ditu urtero, eta Joseba Amondo, Ander Larrinaga eta Loli Muriel liberatuek 58.885 euro.
Berez, oposizioko talde nagusiak beste liberatu bat izateko aukera izango du, eta horrek 52.969,50 euro kobratuko ditu urtero. Hori EH Bilduri dagokio, baina koalizioak azaldu du bere bozkatzaileekin batzarrean eztabaidatu behar dutela liberazioa izango duten.
Gauzak horrela, Omnia eta EH Bildu oso kritikoak izan dira soldaten kopuruekin. Biek nabarmendu dute politikan aritzen direnek duin kobratu behar dutela, baina zalantzan jarri dute onartutako kopurua egokia den.
Alde batetik, Alvaro Barrios Omniako bozeramaileak azpimarratu du "langa oso altua jarri dutela, diru kopuru horren truke oso eraginkorrak izan beharko baitira liberatuak". Horrez gain, talde independenteko kideak nabarmendu du, ironia baliatuta, alkateak akordioa eta adostasuna bilatzeko borondatea aurreratu zuela eta ez diotela ezer esan honi dagokionez.
EH Bildu saiatu da soldaten puntua bertan behera uzten talde guztien artean adosteko, baina EAJk eta PSE-EEk horren aurka bozkatu dute. Koalizioaren ustez, soldata igoera gehiegizkoa da eta herritarren egoera ez du aintzat hartzen. Gainera, aurreko udal gobernu taldearekin alderatu ditu kopuruak.
Jose Mari Gutierrez zinegotziak azaldu du euren desadostasuna: "oraingo alkateak aurrekoak baino %41 gehiago jasoko du. Alkateordeek %67 gehiago kobratuko dute, eta, gainera, liberatu bat gehiago egongo da. EH Bilduk bi liberatu izan zituen eta EAJk eta PSE-EEk 3”. Koalizioaren kalkuluen arabera, urtero 125.566,72 euro gehiago inbertituko dira udal gobernu taldeko soldatetan, eta 4 urteetan 502.266,88 euro.
Omniak ere kalkuluak egin ditu eta alderdika banatu ditu. Talde independentearen eragiketak aintzat hartuta, legealdi honetan EAJk 1.139.200 euro jasoko ditu, PSE-EEk 362.000 euro, EH Bilduk 404.800 euro eta Omniak 100.800 euro.
Alvaro Barriosek nabarmendu du boto bakoitzeko EAJk 320 euro izango dituela, PSE-EEk 349, EH Bilduk 165 eta Omniak 55 euro.
Ander Añibarro alkateak, bere aldetik, azaldu du udal legea jarraiki ezarri direla soldatak. "Alkateak udal arloko buru batek baino %10 gehiago kobratu behar du, eta alkateordeek langile horiek jasotzen duten bera". Horrez gain, Añibarrok gehitu du bere aurreko lanean -Eusko Jaurlaritzako Gazte Zuzendari moduan- 71.200 euro irabazten zituela.