Atzoko udalbatza bukatu bezain laster azaldu zuten euren akordioa Laudioko EAJk eta PSE-EEk. Ander Añibarro alkateak eta Juanje Merchan sozialistak hartu zuten hitza negoziazioen emaitzen berri emateko.
Printzipioz, jeltzaleek 3 liberatu izango dituzte. Horiek izango dira alkatea eta Joseba Amondo eta Ander Larrinaga alkateordeak. Sozialisten alkateordea Juanje Merchan izango da, baina liberazioa Loli Murielen esku geratuko da.
Ardurak hurrengo moduan banatu dituzte, atalka:
- Alkatetza: Ander Añibarro
- Herritar komunikazioa eta gobernu ona: Maite Kortazar
- Antolakuntza publikoa eta zerbitzu orokorrak: Ander Larrinaga
- Ekonomia eta ogasuna: Eva Markinez
- Hiri garapeneko zerbitzuak eta auzoak: Joseba Amondo
- Lurralde garapena: Ander Larrinaga
- Garapen ekonomikoa, merkataritza eta enplegua: Andoni Rodriguez Orue
- Hizkuntza normalizazioa eta identitatea: Ana Belen Diez
- Kultura: Ander Añibarro
- Kirola: Joseba Amondo
- Jaiak: Maite Kortazar
- Emakumea eta berdintasuna: Loli Muriel
- Ongizate gizartea, haurrak, nerabeak, gazteak eta nagusiak: Juanje Merchan eta Loli Muriel
Edonola ere, banaketa horretaz gain, alderdiek adostu behar dute udal estrategia eta neurtu daitezkeen aldagaiak hori baloratzeko.
Jeltzaleek eta sozialistek goraipatu zuten eskuratu duten gehiengoarekin espero dutela herriak aurrera egitea eta hainbat erronka aipatu zituzten: Antzokia eratzea, araztegiak eraikitzea, udal liburutegi berria irekitzea, indarkeria matxistarik gabeko herria sortzea...
Bereziki, gatazkak atzean utzi nahi dituzte eta gobernatzeko gaitasuna berreskuratzeko. Oso kritikoak izan ziren aurreko udal gobernu taldearekin eta ziurtatu zuten bere akatsetatik ikasi dutela. Zentzu horretan, hasi berri den legealdia lasaia eta egonkorra izatea espero dute, bien artean gehiengo osoa baitute.
Alkateak azpimarratu zuen negoziaziorako prest egongo dela, nahiz eta azken asteetan elkarrizketa PSE-EErekin zentratu den, akordioa erdietsi behar baitzuten.