Ikus-entzunezko barnetegia eskainiko du Pixelatu kolektiboak Laudion, bigarren urtez jarraian. 8-16 urte bitarteko gazteei bideratutako tailerra izango da. Goizetan egingo dute, uztailaren 15etik 19ra 9:00etatik 14:00etara. Esti Urresola zinemagile laudioarrak gidatuko du dinamika, Nerea Ganzarainekin batera. Biek osatzen dute Pixelatu kolektiboa, eta Mundukirol elkarteak antolatzen dituen udalekuetako programazioaren barruan antolatu dute egitasmoa.
“Ikus-entzunezkoak sortzeko teknika ezberdin eta dibertigarriak” erakustea izango da barnetegiaren helburua. “Kamararen erabilera eta funtzionalitateak eta edizio zein animazio softwareak ikusiko ditugu”, zehaztu dute Urresolak eta Ganzarainek, “eta hori guztia dibertitzen garen bitartean egingo dugu”.
Aurreratu dutenez, film labur bat sortzea izango da ekimenaren xedea. Pixelaturen abenturak izeneko animaziozko lana osatu zuten iaz:
Tailerrean izena emateko epea irekita dago dagoeneko. Hemen egin daiteke inskripzioa.