Kepa Sojo hautatu dute Gasteizko Andre Maria Zuriaren ohorezko jaietako pregoilari izateko. Gauzak hala, zinemagile laudioarra arduratuko da hiriko festei hasiera emateko testua irakurtzeaz, abuztuaren 2an.
Gasteizko Udaletik Sojoren “bi aldeak” nabarmendu dituzte. Izan ere, zinemagilea ez ezik, historia irakaslea baita EHUn.
Lan ugari plazaratu ditu Aiaraldeko zuzendariak 1997tik hona. Urte hartan estreinatu zuen bere lehen filma laburra: Laudion grabatutako Cien maneras de hacer el pollo al txilindron lana. Bere azken pelikula, aldiz, udaberrian plazaratu zuen: Aiaraldeko hainbat txokotan -Artziniegan bereziki- errodatutako La pequeña Suiza komedia.
Laudion pregoilari
Gasteizkoa ez da izango Sojok pregoilari funtzioa beteko duen lehen aldia. Duela 13 urte -2006an- bera arduratu zen Laudioko sanrokeei hasiera emateaz.