Arabako Foru Aldundiak 2,6 milioi euro inbertituko ditu Kultura Etxean

Aitor Aspuru Saez 2019ko uzt. 17a, 10:22
Laudioko Kultura Etxea.

Teilatua eta leihoak zein fatxadak berrituko dituzte. Horrez gain, biomasa baliatuko duen berotze sistema berria jarriko dute.

Arabako Foru Aldundiak obrak abiatuko ditu udazkenean Laudioko Kultura Etxean. Asmoa da urtebetean amaitzea, hau da, 2020an. Guztira 2,6 milioi euroko inbertsioa izango da.

Lehenik eta behin, eraikineko kanpoko hormak zaharberrituko dituzte, irudia hobetzeko. Apaingarriei bereziki erreparatuko diete, eta kalteak dituzten elementuak jatorrizko material eta geometria berdinekin berreraikiko dira.

Halaber, kanpoko arotzeria berritu edo haren ordez beste bat jarriko dute, kontserbazio egoeraren arabera. Proiektuan jasotakoaren arabera, zurezko leihoak zaharberrituko dituzte mantentzea posible denean, betiere ganbera isolagarridun beira bikoitz berriak ipinita eta osorik mantenduta balkoietako ateak, eskulekuak eta heldulekuak, burdinazko barruko ateak...

Teilak ere aldatuko dira beroa ez dezan galdu eraikinak. Horretarako, gainera, biomasa baliatuko duen berogailu sistema jarriko dute, egungoak gasoila erabiltzen baitu. Galdara gela berria eta biltegiratze siloa Kultura Etxetik urrun dagoen esparru bakartu batean jarriko dira.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide