Kaotiko, Enkore eta Placton taldeek girotuko dituzte Latiorroko jaiak, besteak beste

Txabi Alvarado Bañares 2019ko uzt. 18a, 07:00
Kaotiko taldea igoko da auzoko oholtzara, besteak beste. / Saioa "Gauilunak"

Irailaren 13tik 15era luzatuko dira Laudioko auzo horretako jaiak.

Irailaren 13tik 15era ospatuko dira Latiorroko jaiak, baina auzoko jai batzordeko kideek prest dute dagoeneko hiru egun horietarako egitaraua. “Adin eta gustu guztietako lagunei zuzendutako” programa atondu dute, antolatzaileen esanetan. Nabarmendu dutenez, Marmitako Txapelketaren XX. Edizioa egingo dute aurten. 2017an Latiorron egin zen  Euskal Herriko Marmitako Txapelketa, eta esperientzia hori “oso presente” dute oraindik auzoan. “1.300 pertsona inguru bildu ziren txapelketan eta ondorengo herri bazkarian”, oroitu dute batzordeko kideek, “laudioarren eta aiaralderren parte hartzea oso handia izan zen”.

Nabarmendu dutenez, bizilagun batzuk bertan animatu ziren lehenbiziko aldiz marmitakoa prestatzera.  “Aurten ere, XXX. edizioan, herritar horiek guztiak gure artean egotea espero dugu. Txapelketa gastronomiko honi heldu nahi diogu, txapelketa herrikoiak baitira gure kultura gastronomikoaren eskola hoberenak”.

Belaunaldi aldaketa, bermatuta
Baina dena ez da positiboa izan. Jai batzordeko kideek azaldu dute “hamaika arazori” egin behar izan dietela aurre. “Euskal Herriko Marmitako Txapelketaren antolaketak indarrik gabe utzi gintuen”, aitortu dute, “baina, azken urtean, kide berriak batu dira batzordera”. Horrek “freskotasuna” eman die jaien antolakuntzari, “ilusioa da nagusi beste behin eta bidean topatu ditugun arazoei aurre egiteko kapazak izan gara, aldapa zailenak lau bihurtuz”.

Hala ere, jaien antolatzaileek badakite “bide luzea” dutela oraindik egiteke, baina helburua argi dute:  “Latiorro bizi eta gozatzeko auzoa bihurtzea”. Horretarako, baina, bizilagunen “elkarlana eta inplikazioa” beharrezkoa dela nabarmendu dute. Horregatik,  lateorroko.jaiak@gmail.com helbide elektronikoa jarri dute batzordearekin harremanetan jarri nahi duen ororen eskura. “Jaiak goza ditzazuela espero dugu, auzoko kaleak, plazak, tabernak eta txosna umore onez betez”.

EGITARAU OSOA

Irailak 13, ostirala

18:00 // Danborrada auzoan zehar.  Ibilbidea Txosnagunean hasi eta amaitu egingo da.  Latiorro HLHI eta “Jesuri” Guraso Elkartearen laguntzaz.

19:00 // Txupina. Lehenengo suziriarekin batera buruhandiak egongo dira Galtzagorri kultur elkartearen eta Sorginlarren Mitologia taldearen laguntzarekin

19:00 // Lankaietako Lagunak txistularien kalejira

20:00 // Pintxo-poteoa

20:00 // Umeentzako ikuskizuna: “DJ Kaktus Euskaraz dantzatu nahi dugu” (Ameztu)

21:00 // Kontzertuak: Placton  + Kaotiko + Diskodantza

Irailak 14, larunbata

8:00 // XI. Mendi Martxa (Izen ematea txosnagunean. Ohiko ibilbidea egingo da: Elorritxugane-Jesuri (Santa Marinan hornidura)

11:00 // Puzgarriak,  umeentzako tailerrak eta jolasak, Kirikiño Aisialdia taldearen laguntzarekin  

11:30 // Pilota erakustaldia Latiorro eskolako frontoian, Herriaren Pilotazale Elkarteak antolatuta

12:00 // Igel-txapelketa (Arantzar plaza)

12:00 // Laudioko Musika Bandaren kalejira (San Roke Musika Elkartea)

14:30 // Herri-bazkaria Pagolar kalean. Ticketak salgai auzoko tabernetan
Bazkalostean (16:30etatik aurrera) Herri Bingoa eta Olinpiadak

16:30 // Mus txapelketa

21:00 // Akelarre Dantza Taldearen erakustaldia

22:30 // Kontzertuak: `Jatorriz´ erromeria + Enkore  +  Diskodantza

Irailak 15, igandea

8:00 // Latiorroko XXX. Marmitako txapelketa

13:00 // Kazolak epai-mahaiaren aurrean aurkeztea

13:00 // Euskal Dantzen erakustaldia Itxarkundia Dantza taldearekin

14:00 // Zozketa eta sari banaketa

15:00 // Marmitako bazkaria

19:00 // Txokolada

20:00 // Jai amaiera

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide