“Luiaondoko jaiak geroz eta hobeagoak izango direla eta ospea hartuko dutelakoan nago”

Txabi Alvarado Bañares 2019ko uzt. 18a, 12:00

ZALOA GONZALEZ VEIGA (Luiaondo, 2001) Luiaondoko jaietako aurtengo dama izateko hautatu dute. Festen eta herriko egoeraren inguruan mintzatu gara berarekin.

Luiaondoko jaietako dama izatea egokitu zaizu. Pozik?

Dama aukeratzeko bozketara joan nintzen, baina herriko beste pertsona bat hautatu zen. Kide horrek dama izan nahi ez zuenez, niri egokitu zitzaidan izatea. Ilusio handia egin dit.

Azken urteetako Damarik gazteena zara. Presio handiagoa da hori?

Ez da presioa. Ilusioa egiten dit, beti izan bainaiz herrikoa. Jaietan parte hartzean eta gozatzean datza damaren jarduna. Txupinazo egunean pregoi moduko bat irakurri eta suziria piztu behar duzu eta, gero, jaietan dauden ekintza eta sari banaketetan egon behar zara.

Bonboa ere jo beharko duzu. Entseatu duzu?

Ez, oraindik ez didate eman. Ea bonboa hartu dezakedan, oso handia baita.

Pregoia prestatu duzu?

Badut zirriborro bat. Amarekin birpasatu behar dut, baina badut prestatuta gutxi gorabehera.

Luiaondoko jaiak azken urteetan gaztetu direla aipatzen dute antolatzaileek. Hala ikusten duzu zuk?

Bai. Iaz egin zen jaia gazteei begira antolatu zen lehen urtez. Luiaondoko jaiek Arrigorriagakoekin kointziditzen dute, eta herrian zer edo zer jartzen ez bazuten, gazteok bertara joango ginen.

Orduan iaz DJ Markelin jarri zuten eta jende pila etorri zen. Aurten, aldiz, bi egun potente egon dira eta jende asko etorriko da, nire ustez. Umeentzako ere ekintza pilo daude. Gazteok haurrentzako tailerrak antolatuko ditugu Santo Domingo eta San Lorentzo egunetan.

Bi egun horiek askoz herrikoiagoak dira, baina aurten BocaBeats Comedia ikuskizuna ekarriko dute, nahiko famatua dena.

Nik uste dut Luiaondoko jaiak geroz eta hobeagoak izango direla eta fama hartuko dutela.

 

"Gazteok haurrentzako tailerrak antolatuko ditugu Santo Domingo eta San Lorentzo egunetan"



Arrigorriagako jaiak ez dira lehiakide makalak gero.

Bai, baina aurten ez dago hainbeste ekintzarik, nire ustez. Horregatik iruditzen zait eskualdeko gazteek Luiaondora joko dutela. Hau herri txiki bat da, eta ez da horren ohikoa horren herri txikian horrenbeste ekintza egotea.

Zer motako jokoak izango dira antolatuko dituzuenak?

Oraindik ez dugu guztiz pentsatu, baina altxorraren bila jolasa eta aurpegi margotzea egingo ditugu, besteak beste.  

Badago jende gaztea Jai Batzordean?

Ez, baina ni eta nire lagunak bileretara gerturatu gara ideiak ematera.

Belaunaldi aldaketa bermatua dago, beraz?

Baietz esango nuke. Baina herrian gure kuadrilla dago eta gero etenaldia dago. Nire ahizparen adinekoak asko dira, baina Amurriora eta inguruko herrietara joaten dira, bertan dituztelako lagunak. Horregatik, uste dut gure belaunaldia izango dela jaiak antolatzen jarraituko duena.

Luiaondoko “herri-logela” bat dela esan ohi da askotan. Hala ikusten duzu zuk?

Bai. Madalenako jaietan egiten den odoloste-janean, adibidez, jende asko gerturatzen da baina gero betiko laurak geratzen gara plazan. Baina iaz jende andana bertaratu zen eta goizeko zazpietara arte luzatu zen jaia plazan.  

Zer esango zenieke eskualdeko gainontzeko herrietako pertsonei Luiaondoko jaietara gerturatu daitezen?

Uste dut Luiaondoko jendeari ilusio asko egiten diola herrian horrenbeste pertsona ikustea. Nire aita herrikoa izan da betidanik eta iaz aipatu zuen ez zuela inoiz horrenbeste jende ikusi. Tabernetan ere berdina komentatu zuten hurrengo egunetan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide