Behin baino gehiagotan odol isurketak gertatu dira Laudioko hiltegian eta hori ekiditeko koagulazio sistema instalatu nahi du udal gobernu taldeak.
Ander Añibarro alkateak azaldu du azpiegitura berriak odola koagulatu eta hondakina bilakatuko duela, animalien gainerako soberakinekin birziklatzeko.
Nahiz eta sistema ezberdinak aztertzen ari diren, EAJk eta PSE-EEk uztailaren 29ko udalbatzan proposatuko dute 140.000 euroko kreditu espediente aldaketa.
Berez, isunik ez badu jaso ere, URA agentziak zenbait eskutitz bidali dio Laudioko Udalari jakinarazteko isurketa mota horiek konpondu behar dituela.
Hobekuntzak eta segurtasuna hiltegian
Asteartean behi batek ihes egin eta lagun bat zauritu ostean, hiltegiko egoera hobeto aztertuko du udalak. Gaur gobernu taldeko bi kidek jo dute hara.
Alde batetik, alkateak adierazi du astearteko ezbeharra norbaiten "arduragabekeriaren ondorioa izan zela" eta bideo grabaketak aztertzen ari direla gehitu du.
Bestalde, hiltegiaren egoera orokorra analizatzen ari dira, hobetu behar diren esparruak zehazteko.