“Bertan borrokatu ziren euskaldunei omenaldia egitera joan ginen Normandiara”

Txabi Alvarado Bañares 2019ko uzt. 22a, 11:15
Normandian aritu dira Egoitz Ereño -ezkerrean- eta Eder Artal -eskuman-.

EGOITZ EREÑO (Laudio, 1982) eta EDER ARTAL (Laudio, 1990) Sancho de Beurko elkarteko kideak dira. Normandiako Lehorretzaren urteurrenean egon ziren ekainean, bertan borrokatu ziren euskaldunei omenaldia egiteko.

Normandiako Lehorreratzearen urteurrenean egon zineten. Zer dela eta?

Ereño: Niri betidanik gustatu izan zait historia. Sancho de Beurko elkartera batu nintzen. Bertan zebilen Eder ere. Normandian borrokan aritu ziren euskaldunak omentzera joan ginen urteurrenera. Euskaldun askok hartu zuten parte borrokan: pilotuak, infanteriako kideak...

Zer egin duzue bertan?

Artal: Elkartearen helburua zen euskaldun horiek omentzea. Herrialde bakoitzeko puntu esanguratsuenetara joan ginen, euskaldunek estatu batuar zein britainiarrekin egin baitzuten borroka. Omahako edota Utahko hondartzak bisitatu genituen eta diploma bat eraman genuen, euskaldun horiei izen eta abizenak jartzeko.

Zer nolako esperientzia izan da?

Ereño: Hunkigarria izan da hilerrietan egotea. Guztiei omenaldia egitea ohore bat izan da, azken finean.

Sancho de Beurko elkartean zaudetela aipatu duzue. Zer motatako ekintzak egiten dituzue bertan?

Artal: Elkarteak Burdin Hesia osatzen zuten lubaki guztiak katalogatu zituen duela zenbait urte. Laudion ere aritu ziren, udalarekin elkarlanean, hemen dugun ondare hori berreskuratzeko helburuarekin.

Beste gai bat jorratzeari ekin diogu orain: euskaldunek Bigarren Mundu Gerran izan zuten parte hartzea. Euskaldunen historiaren zati hori ikertzen hasi gara, Estatu Batuetako artxiboetan arakatuta. Eszenografia lanak ere egiten ari gara: bunker bat atondu dugu, hainbat material eta uniformerekin eszenatoki bat osatzeko, historiarekin ahalik eta modu zehatzenean.



Historiaren zaletasuna une historikoen antzezpenarekin uztartzen duzue. Nondik datorkizue horretarako zaletasuna?

Ereño: Ni duela pare bat urte hasi nintzen. Ederrek animatu ninduen.

Artal: Ahoz ahoko kontua izan da. Elkartea ezagutu genuen eta ekintza batean parte hartzera gonbidatu gintuzten. Historia beti izan dut gogoko, Bigarren Mundu Gerrakoa, batez ere.

Baduzue bestelako proiekturik esku artean?

Ereño: Eder eszenografia baterako arropa probatzetik etorri berri da. Guda Zibileko hegazkin bat berreskuratu dute eta Sancho de Beurko elkarteari utziko diote, antzezpenen argazkiak egiteko.



Nola lortzen dituzue antzezpenak egiteko jantziak?

Artal: Elementuetako batzuk originalak dira eta beste batzuk kopiak. Elkarteko kide guztiok ditugun arropekin egiten ditugu antzezpenak. Bartzelonako arropen erreprodukzioen denda baten babesletza ere izan dugu. Horrez gain, aldizkari baten laguntza jaso dugu.

Ereño: Dokumental bat prestatzen gabiltza, euskaldunek Bigarren Mundu Gerran izan zuten parte hartzeari buruzkoa. Hainbat urte daramatzagu egitasmoarekin. Teaser bat grabatu dugu, interneten eskura dagoena.

Informazio hartu, jantziak eskuratu eta lokalizazioak aukeratuko ditugu orain. Gerra horretan aritu ziren sei euskaldunen historia kontatuko dugu, izan zituzten bizipenak antzeztuta: nola hil ziren, nola erreskatatu zituzten...

Guillermo Tabernilla eta Pedro Oyarzabal historialariak daude proiektuan buru-belarri, eurei esker lortu dugu dugun informazio guztia. Denok jartzen dugu gure alea proiektuan. Ea babesletzarik lortzen dugun, jantzi eta material hobeak eskuratzeko. Grabaketak gauzatzea da gehien kostatzen ari zaiguna, lehen irudiak lagun batek hartu ditu, eta postprodukzioak dirua kostatzen du.

Artal: Dena nahastu nahi dugu: artxibo irudiak, narrazioa, antzeztutako eszenak...

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide