[UDARIKLIK] Laudioko buruhandi, txistulari eta dantzariak Esplugues de Llobregateko castellers artean

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko uzt. 25a, 17:41

Sorginlarren eta Galtzagorriko erraldoi zein buruhandiak, Lankaietako txistulariak eta Untzueta dantza taldea Herrialde Katalanetan izan dira Espluges de Llobregateko festetan. Sortutako giroa eta harremana nabarmendu dute esperientziatik.

Duela 2 urtetik Laudioko jaietara etortzen dira Esplugues de Llobregateko castellersak. Giza dorre ikusgarriak egiteaz gain, bertako kultur eragileekin harreman estua egin dute. "2016an jarri ginen harremanetan Basalarrinatik Castellersen koordinadorarekin talde bat ekartzeko. Deialdia zabaldu eta Espluguesekoak jarri ziren gurekin harremanetan", oroitu du Koldo Zabala Basalarrinako kideak. 

Duela hiru hilabete jaso zuten euren gonbita, eta Lankaietako Lagunak, Galtzagorri, Sorginlarren eta Untzueta batu ziren irteerara, euren kalejiretan parte hartzeko. Horrez gain, trikilari eta panderojoleak ere animatu dira. Ostiralean joan ziren, eta igandean itzuli. Castellersekin, zezen suzkoekin eta hango dantzari zein dultzaineroekin aritu dira, besteak beste. Kultur elkarteen arteko harremana sendotzea izan da helburua, laudioarren hitzetan.  

Garazi Martin, esaterako, Untzueta dantza taldearekin aritu da. "Giro oso ona izan dugu. Gure kultura eta Kataluniakoa oso ezberdinak dira, baina biak uztartzea lortu dugu, eta antzekotasunak ditugula ohartu gara. Oso ondo pasa dugu, primerako asteburua izan da", kontatu du. Buruhandiak "zirikatzeko" ohiturak harritu ditu gehien katalanak, haren iritziz. 

Gaizka Arbaiza Galtzagorriko kideak, sortutako harreman estua nabarmendu du: "Laudiora etorri zirenean erlazio oso polita eraiki zen gure artean. Herrialdeen arteko lotura estua da. Hemendik eskerrak eman nahi dizkiegu gonbidapenagatik, eta espero dugu denbora luzez mantentzea harremana, eta bisitak ugaritzea". Asteburuko egonalditik tratu ona goraipatu du, "haien kalejiretan parte hartu dugu, bazkari eta afari herrikoietan eurekin gozatu... Kataluniako ekintza kulturalak ezagutzeko aukera ere izan dugu: correfoks, Cerroko prozesioa...". 

Lankaietako Lagunakekoak, aldiz, txistuekin ez ezik, trikitixa eta panderoekin bertaratu dira. Euskal musika "gustura" hartu dutela diote. Soraia Canibe trikitilariaren ustetan, "ekintza hauek oso aberasgarriak dira, eta herrietako ondarea babesteko beste modu bat dira". Bere hitzetan, "erakundeek gauza hauek bultzatzea ondo legoke".

Antzerako iritzia dute Sorginlarreneko kideek ere: "Aberasgarria zaigu urrunera jotzea beste kultura batzuekin nahasteko. Nahiz eta bertan buruhandi gutxi egon, jotzen ez duten bakarrak ez garela ohartu gara. Lagun asko egin ditugu eta desiatzen gaude berriro kalejirak elkarrekin egiteko". Primeran pasa dutela-eta, errepikatzeko prest azaldu dira laudioarrak. 

 

Argazkiak: Josu Garaio Ellakuria

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide