[UDARIKLIK] Errefuxiatuen karabana, "migrazio politika eta atzerritarren legea aldatzeko" beharraren isla

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko uzt. 28a, 16:51

300 lagunekin batera hartu du parte "Abriendo fronteras-caravana sur 2019" ekimenean Amets Meatza Castañaresek. Bilbotik atera ziren Andaluziara, bertan baitaude atzerritar gehien. Errefuxiatuen errealitatea zein zenbait elkarteen lana ezagututa, migrazio politika eta legeak aldatzearen beharraz mintzatu da.

Bidaiatzeko beste arrazoi bat topatu du Amets Meatza Castañares laudioarrak. Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak antolatuta, elkartasun karabanan hartu du parte. "Migratzaileentzat -zoritxarrez- hormak eta harresiak dauden lekuan elkartasunak -zorionez- ez du mugarik", dio. Uztailaren 12tik 21era izan da kanpoan, Andaluzian barrena, "pertsona migratzaile gehien dauden lurraldea baita". Orotara, 300 pertsonak egin dute bat "Abriendo fronteras-Caravana Sur 2019" ekimenarekin. Bilbotik, 120 lagun atera ziren: "Dinamika hau zubiak eraikitzen jarraitzeko eta harresiak eraisten segitzeko hauspoa da; isilarazi nahi dutenaren berri emateko 120 bozgorailu berri daude Euskal Herriko hainbat txokotan". Hala, Granada, Algeciras, Tarifa, Ceuta... eta beste hamaika herritako elkarteak, azpiegiturak eta errealitateak ezagutu dituzte. 

Esperientzia aberatsa bezain gogorra
Esperientzia aberatsa bezain gogorra izan da haren iritziz, "hunkigarria". Harrera sistema bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute, besteak beste, gabeziak barne: "Politika migratzailearen inboluzioaren ondorioak pairatzen dituztenen testigantzak entzun ditugu. Karabana honek aldarrikapena eta elkartasuna uztartu ditu". Esate baterako, salbamendu lanetan aritzeagatik zigortutako pertsonak ezagutu dituzte. Edota harrera elkarteen proiektuak: CIE Atzerritarrentzako zentro itxia, CATE Atzerritarrak artatzeko aldi baterako zentroa... "Eskaintzen dituzten zerbitzu eskasak azaldu dizkigute, adingabeen eskolaratzeaz eta emakumeen esplotazioaz aritu gara... Azken finean, errealitate latza topatu dugu, harrera sisteman erabateko aldaketa beharrezkoa dela agerian uzten duena".

Giza eskubideak urratzen direla salatzeko iruditzen zaio garrantzitsua mota honetako egitasmoak antolatzea laudioarrari, "ezkutatu nahi duten errealitatea lau haizetara zabaltzeko". Horrez gain, elkartasun sareak sendotzeko balio du, Meatzaren iritziz, "bakarrik ez daudela/gaudela esateko", eta "migrazio politika eta atzerritarren legea aldatu behar direla eskatzeko".

Ez da, ordea, elkartasun ekimenetan parte hartu duen lehen aldia. Azken 8 urteetan "Oporrak bakean" egitasmoaren bidez Saharako umea izan du harreran. Horrez gain, janari edo baliabide bilketetan ere aritu da: "Gai honek interes berezia pizten dit: zelan jar dakizkieke hesiak duintasunari eta askatasunari? Zelan urra daitezke giza eskubideak?".

Zentzu horretan, gogoratu du inor ez dela ilegala: "Tamalez, oraindik ere, adina, genero zein jatorria politika baztertzailea aplikatzeko arrazoi dira". Mugak zabaltzeko osatu du ibilbidea Meatzak, baina helmuga oraindik urruti dagoela dio: "Ekimen hau mugen gudatik aberastasunera salto egiteko urratsa da". Finean, migrazio politika eta eskubideen urraketa alboratzetik "Harrera Herri gisa" erantzun arteko bidea.

Argazkiak: Amets Meatza Castañares

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide