Erraldoiketaren bigarren edizioa egingo dute Sorginlarren elkarteko kideek datorren abuztuaren 16an, Laudioko jaien baitan. Iazko edizioak arrakasta handia izan zuen, baina aurten egitarau xumeagoa prestatu dute. “Egitaraua apur bat luzatu nahi genuen baina, hainbat arazo medio, ez dugu lortu nahi genuen Erraldoiketa egitea”, azaldu dute Sorginlarreko kideek.
Hiru talde batuko dira erraldoi eta buruhandi mitologikoen topaketan: Bidasoako erraldoiak, Sorginlarren eta Galtzagorri. 12:30ean abiatuko da lehen kalejira, Herriko plazan amaituko dena. Haurrentzako jolasak egongo dira bertan, eta “erraldoien dantzaldia” egingo dute. Bazkaria izango dute gero, taldeetako kide eta laguntzaileekin. “Ostean ekingo diogu arratsaldeko kalejirari, bostetan. Ondoren, egunari amaiera emateko, familia argazkia aterako dugu”.
Iazko edizioaren irudiak hemen daude ikusgai: