Ekaitza baino lehenago lehertu da festa Aretan. Sokaren kalejira egin dute beroketa gisa: Laudiotik Aretara kantatzen eta dantzatzen bertaratu dira herritarrak. Aretako Jai Batzordearen kamiseta gorriak soinean, musikaz girotuta osatu dute bidea. Hala, 19:00etan elkartu dira Kultura Etxe inguruan guztiak, txupinazoari ekiteko.
Aurtengo omenduak Aretako haurrak izan dira. Izan ere, Pinpili aisialdi taldearen sorrerarekin batera, protagonismoa merezi zutela ebatzi zuen jai batzordeak. Balkoira igo diren umeetako bik irakurri dute mezua, txosnagunea eta barrakak irekitzear zeudela iragartzeko. Horrez gain, jaietan lagun artean egoteko aukera ugari daudela ekarri dute gogora, "guk ere koadrilan gehiago jolasteko denbora izango dugu".
Aretako buruhandiak atera dira segidan, Aretako txistularien laguntzarekin. Gauargi erromeriaren ondotik, Aiaraldeko DJ topaketa izango da gaur gaueko musika eskaintza txosnagunean.
Argazkiak: Izar Mendiguren Cosgaya eta Urtzi Laburu