"France Presse Agentzian olinpiadetan, munduko futbol txapelketan... argazkiak egin bezain laster editatu behar ditugu bezeroentzat"

Aitor Aspuru Saez 2019ko uzt. 27a, 11:00
Rafa Rivas AFP agentziako erredakzioan./ Cristina Quicler

RAFA RIVAS (Laudio, 1970) France Presse agentziako editorea da. Horretarako Madrilera joan zen bizitzera duela 5 urte, eta argazkigintzaren beste esparru batean hasi zen, lehen argazkilaria baitzen.

France Presse agentzian lan egiten duzu editore moduan, zertan datza zure lana?

Funtsean, editoreok jasotzen eta prestatzen ditugu argazkilariek egiten dituzten irudiak bezeroei bidaltzeko (egunkariak, aldizkariak, Internet atariak...). Prestaketa horretan hautatzen ditugu ezinbestekoak eta onenak direnak, argazkilariek bidaltzen dituzten guztien artean.

Gero Photoshop programa baliatuta, tratatzen ditugu, mozketa egokiena eginda eta koloreak eta tonuak doituta, argiegi eta ilunegi ez egoteko eta kolore arrotzik ez izateko. Azkenik, testua idazten dugu bezeroek jakin dezaten nor den protagonista edo zer gertatu den irudian. Halaber, non eta noiz hartu den argazkia azaltzen dugu.

"Segundo gutxitan argazkiak prest izan behar ditugu bezeroek deskargatu eta erabili ditzaten”

 

Agentzia hauetan dagoen erritmoa aintzat hartuta, segundo gutxitan dugu dena prest. Orduan onartzen da irudia, hau da, argitaratzen dugu agentziaren albiste harian, bezeroek deskargatu eta erabili dezaten.

Oinarrizko lan horiek ez ezik, eginkizun administratiboak eta logistikoak egiten ditugu; argazkilarien lana koordinatzea penintsulan (Portugal barne), jarraipena behar duten albisteen agenda antolatzea, erreportajeak proposatzea argazkilariei edota erabakitzea eurek proposatutakoak beharrezkoak diren.

Zer da gehien gogoko duzuna eta zer gutxien?

Gehien gogoko dudana da harremanetan nagoela argazkilari on askorekin. Nazioarteko agentzia izanik, herrialde bateko editoreek beste leku batzuetako argazkilariekin lan egin behar dute, eta alderantziz. Jakina, euren lana gordinean jasotzea, euren lan eredua ikustea, hautaketa egitea eta fintzea, hobeto geratu arte, oso interesgarria da.

"Harremanetan nago argazkilari oso onekin”

 

Okerrena da batzuetan lana errepikakorra bilakatu daitekeela, jarraitzen dugun gaia horrelakoa bada. Teknologia ahalbidetzen duen neurrian, gure denbora tartea lan egiteko txikiagoa da. Zenbait ekitaldi handitan (olinpiadak, munduko futbol txapelketak...) ia denbora errealean ari gara lanean.

Argazkiak heltzen zaizkigu makinak egin bezain laster, eta eskuragarri egon behar dira bezeroentzat oso segundo gutxitan. Egoera horietan lan egiteak estres handia sor dezake.

Editore lanetan aritzeko Aiaraldea utzi eta Madrilera jo behar izan duzu. Eskaintza ukaezina zen?

Ezer ez da ukaezina, baina gakoa zen lan baldintzak hobetzen zituela. Agentzian argazkilari moduan aritzen nintzenean, laguntzailea nintzen. Autonomoen erregimenean nengoen eta egonkortasun ekonomikoa ez zen handia.

Gainera, zorionez, Euskal Herriak utzi zion erreferente izateari, eta horrek nire lan kopurua murriztu zuen agentzian. Orduan agertu zen aukera Madrilgo bulegoan editorea izateko (AFPk daukan bulego bakarra estatuan) eta egin nuen.

"Batzuetan atzerrira jo behar dut kanpoko taldeak indartzeko”

 

Lan  baldintzak ez ezik, lanpostuak suposatu du toki gehiagoko albisteekin ere lan egitea, mugikortasun handiagoa izatea -batzuetan beste herrialdetara jo behar dugu- edota kanpoko taldeak indartzea. Gainera, parada ematen dit Madrilgo bulegoa beste batekin trukatzeko, abagunea agertzen bada eta nahi badut.

Aldaketa handia izan da?

Etxe eta lan aldaketa ez da traumatikoa izan. Ez dut arazo handirik izaten moldatzeko, hortaz, uste dut ia edonon bizi naitekeela. Edonola ere, Madrilera joatea ez dut uste aldaketa erraldoia denik. Agian Laudiotik New Delhira igarotzea ezberdina litzatekeen, baina Madril...

Lanaren esparruan, aldaketa dago. Lehen kalean egoten nintzen egun osoa argazkiak egiten, eta orain erredakzioan nago egun osoa ordenagailuaren aurrean, baina agentzia bera denez eta lankideak ezagutzen nituenez telefonoz hitz egiteagatik, nahiko erraza izan zen.

Editore moduan jarraitzea nahi duzu edo itzultzea baloratu duzu?

Momentuz, pozik nago egungo egoeran editore gisa. Hau da nire 5. urtea, eta oraindik ikusten dut zerbait berria bezala, hori sentitzen dudan bitartean, aprobetxatu nahi dut. Prentsa argazkilari moduan 27 urtez lan egin nuen.

"27 urtez ibili nintzen argazkilari lanetan”

 

Horrekin alderatuta, 5 urteko epea editore legez nahiko tarte motza da. Laudio edo Aiaraldera itzultzea France Pressen lan egiten dudan bitartean, ez da oso erreala, baina auskalo!

Madrilera jo baino lehen, argazkiak egiten zenituen, zeintzuk dira gehien gogoko dituzun irudiak?

Nire aurreko lanei dagokienez, argazkilari moduan, zenbait irudi isolatuk oihartzun gehiago izan zuten, baina urte mordotan Euskal Herriko gaurkotasun politiko eta sozial bizian argazkiak egitea da, niretzat, nire fitxategian dagoen alderik pisutsu eta interesgarriena.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide