Munduko 12. geratu da Aaron Garmendia Sanchez Rogaine diziplinan

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko abu. 1a, 11:35
Lesionaturik proba osoa egin ostean, bere familiaren babesa jaso zuen Garmendiak helmugan. / Aiaraldea

Hotza izan zuten aurkari nagusi proban. Orkatileko lesioa medio, 12. postuan bukatu zuten proba. 

Munduko Txapelketan lehiatzen aritu da Aaron Garmendia Sanchez laudioarra, Imanol Garai Izabalekin bikotea osatuta. La Molina, Katalunian, jokatu zen Munduko Rogaine Txapelketa uztailaren 27tik 28ra bitartean. Kirol modalitate horretan orientazioa da gakoa eta 24 ordutan ahalik eta baliza gehien eskuratu beharra dago.

Orkatila hala moduz zuela bertaratu zen norgehiagokara: "Duela astebete orkatila bihurritu eta munduko txapelketa kolokan jarri zen. Irteera orduan dudak nituen, baina ezin zaio hain erraz munduko txapelketari uko egin". Imanol Garaik bendatu zion orkatila, "eta bikain joan zen".

24 orduko proba izanik, hiru ordu eman zituzten mapa irakurri eta ibilbidea zehazten: "Zelako mapa! Ia metro bateko luzera zuen". Hamabietan atera ziren, ekaitz eta hotz artean, "lehen hamabi orduetan akatsik gabe eta azkar joan ginen". 10 onenen artean zeuden Koparen lehen txanpan. "Gaua heltzean ezin ginen mapan zentratu hotzagatik, eta lehen akatsak heldu ziren. Ezin genuen minutu bat ere ez gelditu, blai eginda geunden eta".

Kirolari laudioarrak sare sozialetan zabaldu du bere balorazioa: "24 orduko lehen lasterketa zen, eta badira gauza asko hobetzeko, hotza kudeatzeko estrategia... Baina egindakoari ezin zaio meriturik kendu: munduko 12. sailkatua Euskal Raid izatea ez da gauza makala. Talde honek badu xarma bat ezin dena azaldu: lehiakorrak gara denak baina familia bat, erokeriak egiteko elkartu garen taldea. Harro!".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide