"Emozioa da Euskarabentura laburtzeko erabiliko nukeen hitza"

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko abu. 2a, 09:23

Ainara Garzonek hartu du parte, besteak beste, Euskarabenturan. / A.G

AINARA GARZON BAÑALES (2002, Laudio)  Euskarabenturatik itzuli berri da. Hilabete igaro du 120 gazterekin batera, Euskal Herriko espedizio ibiltarian. 24 orduz euskaraz mintzatzen aritu direla eta, mota honetako ekimenak garrantzitsuak direla dio.

 

#JzioquiDugu deitu diozue espedizioari. Nolako esperientzia izan da? Nondik dator izena?
Uztailaren 31n bukatu genuen Euskarabentura. Sare sozialetako kontu hori gazteen artean sortu genuen, egiten genuena partekatzeko. “Piztu dugu” esan nahi du leloak.

Zertan datza ekimenak?
Hiru gairen artean bat aukeratuta lana aurkeztu behar izan genuen: migrazioa, errimak eta erritmoak, eta ingurumena. Jasotako lanen artean 121 aukeratu zituzten, eta horiek ibili gara hilabete batean zehar Euskal Herriko kultura eta toki ezberdinak bisitatzen.

Hautatua izateko zuk zein lan aurkeztu zenuen?

Migrazioarena. Zehazki, Siriako errefuxiatuen egoeraz aritu nintzen, lurraldea historikoki azalduta: nola hasi zen gatazka, egun zein ondorio utzi dituen… Hori udaberri aldera izan zen.

Nola laburtuko zenuke hitz batean Euskarabentura?
Emozioa. Oso zaila da hitz gutxitan laburtzea: esperientzia berriak, kultura… datozkit burura.

Nolakoak izan dira zuen egunak, espedizioan zehar?
6.30ean esnatzen ginen, 8:00ak aldera ateratzeko oinez. Etapak izan ditugu egunero, eta ostean hitzaldi edo bisitak. Jolasak eta ekintza ezberdinak egin ditugu. Euskara eta aisialdia uztartu ditugu. Etapa luzeak eta laburrak izan ditugu. Markiñatik Gernikara, adibidez, 28 kilometro egin genituen egun bakarrean. Etapa motzetan lo-lekuetan bazkaldu izan dugu, gainontzekoetan bidean. Atseden egunak ere izan ditugu, baina frontoi eta kiroldegietan egin dugu lo.

Besteak beste, bero zaplada topatu duzue bidean.
Bai… Egun berotsuetan itzalak bilatu ditugu eta ez dugu hainbeste berorik pasatu. Zarautzen, baina, sekulako beroak harrapatu gintuen, eta egiten zuen beroagatik arropa eta guzti hartu genuen bainua, aurreikusita ez bazegoen ere!

Etaparen bat nabarmentzekotan, zein aukeratuko zenuke?
Araia-Zerain. Oso polita izan zen, inguru zoragarria da. Kostaldeko etapak ere asko gustatu zaizkit, Bizkai zein Gipuzkoako itsaso inguruak: Zumaia, Donibane-Lohitzune…

Aisialdirako tartea ere izan duzue. Zein tailer edo bisitarekin geratzen zara?
Hitzaldi asko izan ditugu. Egia esan, denak izan dira interesgarriak. Patri Espinarrek zestapunta eta pilota irakatsi zigun, euskararen egoera soziolinguistikoa ere azaldu digute egon garen herrietan…

Zer azpimarratuko zenuke abentura honetatik?
Egindako lagunak eta bizitako momentu guztiak.

Bitxikeri eta anekdota ugari pilatu zenituzten hilabetez…

Bai. Hernanin frontoian egin genuen lo, atea zabalik. Herriko gazteek ur puxikak eta lokatz puskak bota zizkiguten zirikatzeko. Gaztelugatxera joan ginenean, berriz, kanpaiko soka hautsi genuen nahi gabe.

Euskarak mota honetako ekimenak behar dituela uste duzu?
Oso garrantzitsua da. 24 orduz egon gara euskaraz mintzatzen, eta horrek bultzada handia ematen dio euskarari.

Aukera bazenu, errepikatuko zenuke?
Bai! Pena, ezinezkoa dela. Iaz parte hartu zutenak sherpa edo laguntzaile etorri dira, eta datorren urtean horrela parte hartzea gustatuko litzaidake.

Beste ezer erantsi nahi al duzu?
Bai, antolatzaileei eskerrak eman nahi dizkiet. Espero dut honek urte askoan irautea beste gazteek ere esperientzia hau bizitzeko aukera izan dezaten.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide