[IRITZIA] Nola aldatzen diren gauzak

Garai bateko ekintzak eta oraingoak nabarmendu ditu, besteak beste, Artok. / Aiaraldea.eus

Juan Jose Arto Rodriguez "Pelukas" ile-apaintzaileak hamarkada askotan bizi izan ditu Laudioko jaiak. Garaian garaiko ohiturak eta festen bilakaera ekarri ditu gogora iritzi artikulu bidez.

Gogoratzen dut nolakoa zen mundua, nola jolasten genuen, nola hitz egiten genuen. B.A.Pen hitzak. Gure jaietako nire lehen oroitzapenak izan nintzen umearen begiradakoak dira: txupinazo aurretik ilusioz betea nengoen, prest nuen arropa estreinakoz janzteko; baita zapia lepotik zintzilikatzeko ere. Kalean ekintza ugari zeuden txikientzako: mota guztietako jolasak herriko plazan edo zezenplazan, normalean.

60ko hamarkadan berdina zen: potinak hautsi behar ziren (jostailuz edo diruz beteak batzuetan, eta urez besteetan). Baziren jolas gehiago ere: zaku karrerak, ipuin txapelketa etab. Baita buruhandiak, tonbola, barrakak ere.

60ko hamarkadaren amaieran beste gauza bat egiten hasi ziren: motokrosa, aukera osatzen zuena. Baina garrantzitsuena herrian zegoen jende kopuru handia zen, ia inork ez zuen alde egiten, oraindik ez ziren oporretara joaten. Laudio festak bizitzeko geratzen zen langileen herria zen 60-70eko hamarkadetan. Jai kuadrillen artean zeuden Arloteak, Rakatapla, Sar, Kiowas, Coyotes, Diablos Negros, Barbis... 70ko hamarkadan euskarazko izendun beste hainbeste talde gehitu ziren: Larrako Gazteak, Saguzarrak, Baldarrak, Haizeak, Ñorrala...

70eko hamarkadatik 80kora dena aldatu zen. Diktadorea hil zen. Zerbait gertatzen ari zela nabaritzen zen garai hartan, ilea hazten zitzaigun sorbaldatik harago -praktikoki guztiz debekatua zegoen ordura arte hori-,kanpai prakak... zer nolako itxura! Askotan zeuden borrokak, izan gure artean edo beste herrietakoekin. Arrañoko motokrosa edota Herriko plazako dantzak gailentzen ziren 70ko hamarkadaren amaieran festibalak hasi aurretik.

Horrela joan ginen herria gerturatzen kultura, jendartea eta politika uztartzen zituen oinarri ideologikoetara, 80ko hamarkadako festetan islada izan zuten moduan. Baita 1981eko “pantomima” urte hartan ere! Ezin ahaztu, halaber, 1983ko uholdeetan -festa bete-betean- zenbat busti ginen! kar, kar!

Betidanik herriko jaiak Udala kudeatu duen gobernu taldearen araberakoak izan dira, hein batean. Batez ere, aurrekontuak banatzerako orduan. Esate baterako, 1987tik 1991ra, Pablo Gorostiaga alkate zela kultur, kirol eta bestelako elkarteen esku utzi zuen antolaketa guztia. Horrek jaiak askoz herrikoiagoak izatea ekarri zuen; txosnetan goizaldeko seietan sokamuturra egiten zen, baita musika festibalak ere: 1984an, Eskorbutok, R.IPek, Cicactrizek eta La Polla Recordes jo zutenean bezala.

Gazteria alaia eta borrokalaria ginen: ez genuen gaupasa egun batez egiten (gutxienez bi), eta ondo ikusia zegoen hori. Jarduera asko zeuden, lokalek beti laguntzen zuten. Herri bazkariak zeuden, lehiaketa gastronomikoak, txirrindularitza lasterketak... Kuadrillek jolasak, ekintzak, txapelketak zein erdigunetik zirkuituak zituzten Goitiberak edo Kart-ak antolatzen zituzten.

Halaber, 90eko hamarkadaren amaieran (2.000 urtetik gertu) ikuskizunetan parte hartu zuen herriko jendeari erreferentzia egin nahi nioke, Pirulo Txoukoei. Izan ere, urte luzez eman zioten herriari animazio eta espektazioa. Egon izan naizen azken txupinazoetan Sanferminetatik eratorritako ohitura errotu genuen: auzokideei ur baldeak eskatzea txupinazo egunean, kaleak eta jendea freskatu eta girotzeko. 2000.urtetik aurrera aitortu behar dut ez dudala lehen bezala parte hartu jaietan, beste jende askok bezala oporrak hartu ditut eta. Hala ere, azken txanparako itzuli ohi naiz: berakatz, kuadrilla, baserritar, odoloste eta kofradia egunetarako. Dena den, iruditzen zait festa erortzen ari dela: denek kritikatzen dute hau edo beste.

“Garaiak aldatzen dira, drogak ere bai” (Transpotting). Hori nabaritzen da teknolgoia berriekin, Internetarekin, sare sozialekin... Ohiturak aldatzen ari dira eta jada ez gara tabernetan geratzen. Festak baino, badirudi postureoaren pasarela ematen duela guztiak. Pentsa, jai kuadrilla berrien izenak galdetu behar izan ditut, kalean ez direlako ikusten edo gehiegi nabarmentzen: Txilardiak, Intziriak, Ainubeak, Azkenak...

Lekukoa hartzera animatzeko aprobetxatuko dut: kaleak hartu eta zuena denaz gozatu, herriaz! Eta... ahalik eta zuku gehien atera jaiei!

Aurrera beti!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide