Nikaraguako Gobernuko ordezkarien eskutik jaso zuen saria Ramon Belaustegigoitiaren familiak

Joxeba Lizeaga 2019ko abu. 7a, 07:02

Ramon Belaustegigoitia laudioarrari eman zion Nikaraguako Gobernuak "Orden de la Independencia Cultural Ruben Darío" saria. Gentzane Belaustegigoitiak jaso zuen.

1951. urtetik, Nikaraguako Gobernuak, "Orden de la Independencia Cultural Ruben Darío" deituriko saria ematen du, kulturaren, hezkuntzaren eta zientzien alor ezberdinetan egindako lan edo ibilbide nabarmen eta aipagarrienak goraipatzeko.

Saria, Nikaraguan hiru alor horietan ematen den garrantzitsuena da. Mundu osoko pertsona edo instituzioek jaso dezakete. Orain arte saria jaso dutenen artean, besteak beste, daude Julio Cortazar idazle argentinarra, Eduardo Galeano idazle uruguaiarra, Carlos Mejia Godoy konposatzaile nikaraguarra, edota Grace Kelly antzezle estatubatuarra, ondoren, Monakoko printzesa izan zena, eta abar luze bat.

Sari emate ekitaldia, abuztuaren 5ean gauzatu zen Managuako Kantzelaritzan. Saritua, Ramon Belaustegigoitia Landaluze (1891-1981) laudioarra izan zen. Aurrez, pasa zen otsailaren 16an hain zuzen ere, Nikaraguako enbaxadak omendua zuen Ramon, Laudioko Udaletxean burututako ekitaldian.

Ramon Belaustegigoitia Landaluze, idazlea eta kazetaria, Nikaraguan izan zen 1933. urtean, bertako guda betean, herrialdea AEBko okupazioa jasaten ari zela. Nikaraguako tropen buru zen Augusto Sandinok, nonbait, Ramonen interesa piztua zuen ordurako, eta beregana jo zuen.

Bi aste egin zituen Nikaraguan, egunero Sandino elkarrizketatzen. Eta elkarrizketa haien ondorioz, handik urtebetera, 1934. urtean, "Con Sandino en Nicaragua" liburua argitaratu zuen Ramonek.

Urte berean Sandino akabatu zutela kontuan izanik, Ramonen liburua izan da ondorengo belaunaldientzat Sandinoren figura ezagutzeko modurik egokienetako bat.

Frente Sandinista de Liberación Nacional mogimenduak, 1979ko uztailaren 19an, Somoza jenerala bere postutik kendu eta boterera iritsi zenaren 40. urteurreneko ospakizunak igaro berritan egin da omenaldi ekitaldia.

Denis Moncada, Kanpo-harremanetarako ministroaren eskutik jaso zuen errekonozimendua familiaren izenean bertara joandako Gentzane Belaustegigoitiak. Ministroak, Ramonen merezimenduak aipatu eta haren gorazarrea egin ondoren, Gentzanek hartu zuen hitza, eta euskaraz zein gazteleraz egindako hitzaldi laburrean eskertu zuen saria.

Kanpo-harremanetarako ministroaz gain, omenaldi ekitaldian izan ziren, Luis Morales kultura ministroa, Amalia Coronel Gobernantza Ministroa, Martha Ruiz defentsa ministroa, Sidhartha Marin, Presidentearen Aholkularitzarako Ministroa, Ramona Rodriguez Managuako Unibertsitate Autonomoko (UNAM) errektorea, Maritza Espinales Nikaraguako Batzar Nazionaleko Lehendakariordea hainbat diputaturekin, eta kultura munduko hainbat pertsona. Guztien zorionak jaso zituen Gentzanek ekitaldi hunkigarriaren amaieran.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide