Maite Cortazar zinegotziak atzo azaldu zien hedabideei Laudioko Udalak eraso matxisten aurkako kanpaina egingo duela. EAJko ordezkariak gogoratu zuen sanrokeak errespetuzko ospakizunak izan behar direla eta jarrera sexistarik ez direla onartu behar. Zentzu horretan, eraso matxisten aurkako jarduerak prestatu du udalak Berdintasun Zerbitzuaren bitartez.
Gauzak horrela, Loli Muriel PSE-EEko alkateordeak argitu zuen tokiko protokoloa indarrean egongo dela eta esparru publikoan sentsibilizazio ekimenak gauzatuko dituztela indarkeria matxista salatzeko, emakumeen zein LGTBI+ kolektiboaren kideen kontra.
Aurreratu zutenez, hurrengo egitasmoak abiatuko dituzte:
- Abuztuaren 17an eta 24an 20:00etatik 23:30ak arte bi hezitzaile ibiliko dira jai guneetan eta arazoren bat sumatuz gero, esku hartuko dute. Euren betebeharra izango da, besteak beste, jakinaraztea zein bitarteko dauden eraso matxistei aurre egiteko.
- Abuztuaren 23an 20:00etatik 23:00ak arte Batzalarrin kalean Beldur Barik Gunea jarriko dute. Han informazioa ez ezik, hainbat materiala eskuragarri egongo da matxismorik gabeko jaiak sustatzeko: pegatinak, txapak, poltsak... Aiarako Kuadrillak antolatuko du gunea.
- Abuztuaren 23an 20:00etatik 00:00ak arte antisorgailuak banatuko dituzte gazteen artean sexu harremanen bidez kutsatzen diren gaixotasunak eta nahi gabeko haurdunaldiak saihesteko. Horrez gain, harremanak askeak eta errespetuzkoak izan behar direla gogoratuko dute. Gainera, Sidalava elkartearekin batera 2000 kondoi banatuko dituzte jai eremuan.
- Tabernetan, txosnetan eta hainbat lekutan kartelak jarriko dira adierazteko jarrera matxistak ez direla onartuko. Horrez gain, Playlist bat ere prestatuko du udalak. Spotifyn egongo da eskuragarri, eta letra matxistarik gabeko 160 abestik osatuko dute; "Beldur Barik BB DJ Beldur Barik 19" izendatu dute.