"Udal hiltegia ixteko erabakia bertan behera utzi eta arazoari irtenbide egoki bat emateko URA eta zuzenean kaltetutako pertsona eta eragileekin zentzuzko akordio bat lortzea eskatzen diogu Laudioko Udal Gobernuari", adierazi du Lamia Acas EH Bilduko bozeramaleak oharrean.
Atzo eman zuen Laudioko Udalak erabakiaren berri. EH Bilduren aburuz, EAJ-PSEren udal gobernuak dekretu bidez hartutako erabakiak ondorio larriak izango ditu: "EAEko udal jabetzako hiltegi publiko bakarra da Laudiokoa, 11 familia sustengatzen ditu zuzeneko enplegu bitartez, eta eskaintzen duen zerbitzu publikoaren erabiltzaileak 350 familia baserritar dira". Itxieraren ondorioz, Miranda (Burgos) edo Gipuzkoara garraiatu beharko lituzkete baserritarrek euren abereak.
Isurketen harira, EH Bilduk gogorarazi du Udala aurreko legealditik ari dela errekako isurketa larriak behin-betiko desagertzeko lanean, "kudeaketa horren ondorio da arazoak konpontzeko lanak egiteko duela gutxi onartutako aurrekontu partida".
EAJren erantzuna
Ander Añibarro EAJko alkateak Aiaraldea hedabideari adierazi dionez, itxiera egungo problematikari erantzuteko bideratu dute: "URArekin lanean ari gara kaltetuentzako konponbide asegarri bat lortzeko. URAren eskakizunak derrigortu gaitu etetera, eta baldintzak betetzeko beharrezkoa izan da jarduna alboratzea". Alkatearen esanetan, bestela isun ekonomiko larriak edukiko lituzke Laudiok, "ingurumen delituengatik". Koalizio abertzaleak egindako adierazpenen harira, Jon Karla Menoiok 2010-2011n egin zituela azken obrak azpimarratu du Añibarrok: "2011 eta 2019 artean ez da lanik egin arazo honi soluzioa bilatzeko. EH BIlduri gai honekin demagogiarik ez egiteko eskatzen diogu, egoerari ikuspegi eraikitzailetik erantzuteko, ez suntsitzailetik".