“URAk eskatu du isurketak ekiditeko jarduera etetea, eta itxiera da horretarako aukera bakarra”

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko abu. 9a, 16:06

Aste honetan itxi dute Laudioko hiltegia. / Aiaraldea

 “Udal hiltegia ixtea ez da erabaki politikoa izan”, alkateak nabarmendu duenez. URArekin, enpresarekin eta abeltzainekin harremanetan jarrita, neurria behin-behinekoa izatea espero du udalak.

 

"Kolektorera eta ibaira ezin da odolik iritsi". Hori da Ander Añibarro alkatearen esanetan, itxieraren arrazoi nagusia.

"Horretarako aukera bakarra animaliarik bertan ez hiltzea da", erantsi du. Gobernu Batzordean politikoki landu dute gaia, eta alderdi guztiak daude arazoa konpondu beharrarekin ados. "URAren eskakizuna ez betetzeak arau hauste administratiboa ekarriko luke, eta horrek zigor espedientea irekitzea eragingo luke", aurreratu du. 

Ertzaintzaren ikerketa

Fiskalaren aginduz, ikerketa egiten ari da Ertzaintza. Hala ere, "udal hiltegiaren itxiera behin-behinekoa da", argitu du gobernu buruak. 

Egoera bideratzeko udaleko arloak lanean dabiltzala azpimarratu du: "URArekin bilera teknikoak egin ditugu, besteak beste. Obraren bidez URAren eskaerari erantzungo genioke, baina udal hiltegia aztertu ahala, azpiegituran erantzun beharreko arazo gehiago topatu ditugu".

Udalak kreditua moldatu zuen egitasmoari heldu ahal izateko, "141.000€ zeuden aurreikusita, eta lehen fase hau garatu ahal izateko 180.000€ behar dira".

Hori dela eta, tarteko bide bat arakatzen dabiltza, "ahalik eta azkarren udal hiltegia irekitzeko". Aurrerago emango dituzte zehaztasunak, "abuztua, oporrak medio, enpresekin kudeatzeko hilabete zaila baita".

Hiltegi zerbitzua eskaintzen duen enpresari indemnizazioa eska dakioke instituzioak, alkateak baieztatu duenez. "URAren baldintzak ez betetzeak ondorio batzuk ditu. Kalkuluak ateratzen ari gara arlo ezberdinetan, kontziente baikara zigortu beharko ditugula. Azpiegituraren arazoa konpondu liteke, baina odol isurketarena zailagoa da".

Abeltzainei dagokienean, eurekin harremanetan jarri direla erantzun du alkateak: "Egoera azaldu zaie, eta konplikatua izanik, ulertu egin dute. Udal hiltegiaren itxiera ez da erabaki politikoa izan, neurri mingarria izan da guretzat ere".

Oraingoz, beraz, ezingo dute hiltegia funtzionamenduan izan, "irekiera data ezin dugu uneotan aurreikusi".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide