2018/19 ikasturtean euskara ikasteagatik bekak banatu ditu Udalak. “Datozen egunetan jasoko dute laguntza ekonomikoa, matrikulazioaren %100 edo %50, kasuan kasu”, azaldu du Ander Añibarro alkateak.
Lau eskaera soilik baztertu dituzte, “epez kanpo aurkezteagatik”. Iturri ekonomikoen araberakoa da diru-laguntza, soldataduna izan edo ez ezberdina da jasotzen den zenbatekoa.
“Aurreko urteetan bezala, euskara ikasiko duten laudioar guztiek izango dute laguntza bat, dirua ez dadin gure hizkuntza naturala barneratzeko oztopoa izan”, erantsi du Euskara Arloak prentsa oharrean.
2018/19 ikasturteko ikasketak edota 2019ko udako ikastaro trinkoak lagunduko dituzte diruz. Lehenbiziko kasuaren eskaera epea bukatu da jadanik, baina udako trebakuntza ekonomikoki babesteko urriaren 15 arte egongo da aukera.