2003. urtean egon nintzen Laudioko jaietan lehenbiziko aldiz. Zeharo harrituta geratu nintzen: jende guztia oso pozik zegoen, bazeuden kalean lo egitera iristen ziren pertsonak ere... Herri honetako jaiak oso ondo daude.
Asko gustatzen zait jendearen animoan ematen den aldaketa: herritarrak alaiago daude, gastu gehiago egiten dute... ni oso pozik aritzen naiz giroan murgilduta. Laudioko jaietan eguerdiko hamabietatik gaueko hamaiketara egin ohi dut lan. Lehen hiru egunak dira onenak, egun horietan saltzen dugu gehien. Odoloste egunak ere oso ondo funtzionatzen du, baina Txupinazo eguna da onena, dudarik gabe.
Laudion badago dirua gastatzeko ohitura ez duen jende asko, baina egun horretan bai, egiten dute. Betaurrekoak, eskumuturrekoak, lepokoak... jendeak mota horretako gauzak erosi ohi ditu jaietan, egun batean edo bitan jartzeko.
Urte ugari pasa dira, eta ohitura ere aldatzen joan da, jada ez da lehen zena. Apur bat lasaiagoak dira orain. Alabaina, bilakaera hori beste hainbat herritan ere jazo da. Beste toki batzuetako jaiak (Arrankudiaga edo Orozkokoak kasu) ere ondo daude, baina bertako herritarrei bideratuagoak daude. Laudiora, aldiz, beste toki batzuetako jende asko bertaratzen da. Niretzako, Euskal Herriko jairik onenak dira, eta uste dut aurtengoak oso ondo egongo direla.