Reggaetoia musika estilo bat besterik ez da, ia musika dena bezala, kalean sortua eta, ondoren, entretenimenduaren industriak fagozitatua. Zabalpen handia lortu du, haren erritmo errazari eta geroago gehitzen joan zaizkion pop armonia itsaskorrei esker.
Hasieratik egon da sektore askoren jo-puntuan, drogak, armak edo azukrea bezala. Baina gakoa betikoa da, musika estilo batek (edo drogek, armek edo azukreak) nekez du berezkoa gaiztakeria. Kasu hauetan guztietan, erabilera izan daiteke zuzena ala okerra, onuragarria ala kaltegarria, iraultzailea ala atzerakoia. Edo bestela esanda: arazoa ez da ipurdia mugitzea; arazoa, noski, heteropatriarkatua da.
Dominazioa oinarri duen gizarte batean bizi gara, eta edozein bidetatik sortu eta birsortzen da eredu hori. Regetoia erabili izan da matxismoa sortu eta birsortzeko, baina, kasu, beste edozein musika estilo ere erabili izan da helburu horrekin. Adibideak amaiezinak dira pop, rock edo are herri musiketan («every breath you take, every move you make (…) I will be watching you. Oh, can’t you see, you belong to me»). Eta urrutiegi ere ez dugu joan beharrik adibideak aurkitzeko.
Ameriketan sortu den reggaetoia beste ezeren gainetik kritikatzen dugunean, ez gara ohartzen zenbat arrazismo, kolonialismo eta klasismo isurtzen zaigun ahotik.
Zorionez, bada oraindik mundu bidezko eta berdinzale batean sinisten duen jendea. Eta horietako batzuk, gainera, reggaetoia kantatzen dute. Egin diezaiogun fabore bat gure buruari eta gure aldakei, eta entzun eta dantza dezagun musika osasuntsua, estiloa edozein dela ere.