Laudio, Amurrio, Aiara, Urduña, Orozko eta Zeberioko abeltzain elkarteek prentsa oharra plazaratu dute Laudioko hiltegia berriz irekitzea eskatzeko. Irakurketan adierazi dutenez, “kezkaz” bizi dute udalak zifra ekonomikoak baliatzea hiltegiaren jarduera eteteko. “Badakigu hiltegia berriz irekitzeko egin beharreko inbertsioak aipatzen dutena baino askoz txikiagoak direla eta, hein batean, jarduera etearen erabaki azkar, oker eta aldebakarragatik eragindakoak dira koste horiek”.
Salatu dutenez, abeltzainek garraioan hiru astez izango duten gastuaren zenbatekoa inbertsio horiek baino handiagoa izango da. Horrez gain, gogorarazi dutenez, diru-partida bat onartua dago plenoan, inbertsio hori egitea ahalbidetuko lukeena.
Horregatik, abeltzainen elkarteek “argi” utzi nahi izan dute “zenbakiek ematen dutela” eta hiltegiak eskaintzen duen zerbitzu publikoaren garrantzia jarri dute mahai gainean. Euren hitzetan, horrelako azpiegiturak “funtsezkoak” dira “eskala txikiko ehun produktiboa mantentzeko”. Horregatik, soluzioak bilatzeko deia luzatu diete arduradun politikoei.
Kotxe eta traktore karabana egin zuten ostiralean hainbat abeltzainek Laudioko erdigunean barrena, Baserritar eguna ospatzen ari zela probesturik: