[UDARIKLIK] DJ Masa: “Txupinazo egunean 18-19 orduz egon nintzen musika jartzen, nire errekorra da”

Txabi Alvarado Bañares 2019ko abu. 30a, 08:00
DJ Masa Ugarteko jaietan aurten eskainitako emanaldian. / Aiaraldea.eus

Udako gau beroei soinu banda jartzea. Hori izan da azken hilabeteetan Jon Masa Tornedok izan duen zeregina. Makina bat toki eta jaietan egon da musika jartzen, ilunabarretik goizeko ordu txikietara arte.

Duela zortzi urte inguru sartu zen Laudioko bizilaguna musika elektronikoaren zurrunbiloan. “Lagun baten etxera joan nintzen eta bertan zeukan soinu mahaia ikusi nuen. Nire kabuz probatzeari ekin nion eta gustuko nuela ikusi nuen. Nire ekipo propioa erosi nuen orduan”.

Laster eman zuen saltoa. 14-15 urte zituela ekin zion tabernetan musika jartzeari. Bonaire tabernan hasi zen, eta beste hainbat tokitan aritu da ordutik hona: Berezi tabernan, Gaztetxean, Sorginen eta Haitzulon.

Musika estiloari dagokionez, mota askotako abestiak jartzen ditu Masa Tornedok. “Nik erabakitzen dut giroaren arabera zer musika jarri. Nire adineko jendea dagoela ikusten badut reggaetoi generoko abestiak hautatzen ditut. Pertsona nagusiagoak badaude, aldiz, rocka edo 80ko hamarkadako doinuak izan ohi dira nagusi”. Nahasketa ugari egiten ditu, gainera. “Kanta batekin ikusten badut jendea dantzatzen eta ondo pasatzen dagoela amaitu arte uzten dut; bestela, nahastu egiten dut, jendearen erreakzioa nolakoa den ikusteko”.

Jaietan, topera
Laudioko jaietan topera ibili da DJ Masa, ia egun guztietan jardun baita musika jartzen. Txosnagunean eskaini zuen azken saioa, Odoloste egunean:


“Txupinazo egunean 18-19 ordu egon nintzen musika jartzen jarraian, nire errekorra izan zen, zoramen hutsa. Normalean 7-8 ordu aritzen naiz”. Musikarekiko grina aseezina du laudioarrak: “Astearte batean badut dagoeneko 'pintxatzen' hasteko motibazioa, larunbata heltzeko gogoekin nago dagoeneko”.

Abesti propioak
Hala ere, Masa ez da mugatu goizeko ordu txikietara arte luzatu diren emanaldiak eskaintzera, sorkuntzara ere bideratu du denbora. “Bi gauzak uztartu ditut. YouTuben ikusi nuen DJek abestiak ere sortzen zituztela, eta probatzea erabaki nuen”. Bilduma oparoa osatu du dagoeneko, 23 abestikoa.

Hastear dagoen ikasturteari begira, ikasketa moduluan zentratzea da gaztearen helburua, eta larunbatak musikarako uztea. “Momentuz eskualdean soilik aritzen naiz. Badut Durangora eta Bilbora joateko asmoa, baina epe luzerako proiektua da hori”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide