"Hurrengo urteetako jaiak herrikoiagoak izateko" eztabaida beharra mahaigaineratu du EH Bilduk

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko ira. 4a, 07:24
Kontzertu eta guneen aldaketekiko zalantzak agertu ditu koalizioak. / Aiaraldea

Gobernu taldeari "kritika eraikitzailea" plazaratu dio koalizio abertzaleak, kontzertuen eskaintzari eta jaien herritartasunari dagokienean.

Laudioko jaiak baloratzeko prentsaurrekoa egin zuen atzo goizean EH Bilduk. Lehendabizi, festak antolatzen aritutako herritar eta eragileei eskerrak luzatu zizkieten, "horiek izan dira jai egitaraua prest eta garaiz izateko ahalegin handien egin dituztenak, askotan( edo gehienetan) musutruk". Auzolanaren filosofiari jarraiki, jaiak herriarenak eta herritarrentzat izan behar direla erantsi dute, "ez ikusle hutsentzat bakarrik". Edozelan ere, koalizio abertzalearen aburuz, azken urteetan izaera eraginkorra, baikorra eta parte hartzailea irabazi dute abuztuko ekintzek.

Eraso matxisten konstantziarik izan ez arren, lanean jarraitzeko beharra azaleratu dute. Zentzu horretan, herriko mugimendu feministaren eta udaletxeko berdintasun arloaren lana goraipatu dute. "Guzti honengatik gure balorazioa positiboa da eta laguntza eskaintzen diogu udal gobernu taldeari hurrengo urteetako jaiak herrikoiak izan daitezen".

Ildo beretik, "kritika eraikitzailea" helarazi diete gobernu taldeko ordezkariei: "Udal gobernuak hartutako aldebakarreko erabakiak, herriko eragileekin adostu gabe, errespetu falta handia iruditzen zaigu". Bigarren gogoeta gisa, herritarren parte hartzearen garrantzia azpimarratu dute, "kontsumo jaiak" ez bilakatzeko. EH Bilduren iritziz, "egitarauaren zatirik handiena interesatuta dauden pertsonek eta taldeek gauzatzen dute, eta udalak lagundu behar die".

Eztabaida pizteko asmoarekin ondorengo galderak luzatu dituzte: "Zergatik eta zertarako mugitu dira Txosnak? Zergatik ezabatu da Zumalakarregiko jai gunea? Baserritar eguna edo lehiaketa gastronomikoa hobeto gauzatu al dira? Zumalakarregitik beste nonbaitera eramandako kontzertuek hobera egin al dute? Zergatik ez da herriko plazan harmaila jarri?".

Udalak antolatutako kontzertuen harira Café Quijanoren kontzertuaren prezioa nabarmendu dute: 38.500€. Antzeko ikusle kopuruekin kontzertuak egin izan dira orain arte nola plazan (Kepa Junkera, Korrontzi) hala  Zumalakarregin (Gatillazo, Barricada), gogorazi dutenez. "Iaz ez zen Gatibu ekarri 30.000€ balio zituelako, Kepa Junkerarenak 6.000€ balio izan zituen". Antzerkien eskaintza ere kritikatu du koalizioak: "Antzerkiekin egindako leku aldaketa hobera izan al da? Zenbat antzerki ez dira egin arazo teknikoak zirela medio? Zer dela eta inprobisazio guzti hau?". 

Hori dela eta, Gobernu taldeari jaien antolakuntzan parte hartzen duten pertsona guztiekin balorazio zabala egiteko eskatu diete, "eta 2020ko Jaiak prestatzeko ohiko deialdia egin dezala".

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide