“Latiorroko jaiak hilzorian egotetik Batzordean freskotasuna eta motibazioa izatea lortu dugu gazte berriei esker”

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko ira. 10a, 09:26

Asteburuan izango dira Latiorro auzoko jaiak. / Aiaraldea.eus

Asteburuan izango dira Latiorroko jaiak. Lantaldea eraberrituta helduko diete ospakizunei.

Belaunaldi aldaketa eta motibazioa izango dira Latiorroko aurtengo jaien motorra. Hala aipatu du Aitor Mate Jai Batzordeko kideak: “Iaz bost edo sei gazte indartsu sartu ziren, ideia freskoekin eta oso motibatuta. Aurten freskotasun hori nabaritu da gauzak antolatzean”. Ostiraletik igandera, orotariko ekintzak prestatu dituzte.

Aurreko urteetako filosofia berari eutsi diote programazioa prestatzean: “auzoko eragileen parte hartzea bilatzea”. Horren adierazle da zentro erregionalen inplikazioa, esaterako: “Lehen aldiz eskaini digute euren aldetik jardueraren bat antolatzea. Beti egon gara euren atzetik, baina orain arte ez dugu lortu”.

Musika eta umeen gunea jarriko dute, besteak beste. Halaber, Latiorro Eskolako Guraso Elkartearen danborrada egongo da ostiralean. Nobedade gisa, Herriaren pilota elkartearen partidak daude, “horrela auzoko azpiegiturak ezagutaraziko ditugu, frontoia urrun egonagatik laudiarrentzat ezezaguna baita”.

Euskal Herriko marmitako txapelketa antolatu zuten duela 2 urte. “Handi geratu zitzaigun, eta Batzordeko kide batzuk erre egin ziren. Iaz kolokan egon ziren jaiak, baina azken unean lau edo bost gazte azaldu ziren eta aurten asko nabaritu da euren freskotasuna. Belaunaldi aldaketa ematea zen helburua eta lortu egin dugu”, erantsi du.

Kontzertuetan talde ospetsuak ekartzeko saiakera egin dute: “Latiorroko jai egitarauaren alderik erakargarriena beti izan da musika. Hilzorian eta desagertzear egotetik freskotasuna eta motibazioa izatea lortu dugu, gazte berriei esker”. Aurten Kaotiko eta Enkore taldeak igoko dira oholtzara, besteak beste.

Egitarauari dagokionez, umeak izango dira protagonista ostiral eta larunbatean. Barikuan danborrada eta dantza zein antzerkia izango dituzte, eta zapatuan tailerrak edota puzgarriak. Horrez gain, mendi ibilaldia eta gastronomia txapelketa egongo dira, “azken ekimen horren 30. edizioa izango da aurtengoa”.

 

EGITARAUA

Irailak 13, ostirala

18:00 // Danborrada: Ibilbidea Txosnagunean hasi eta amaituko da. Latiorro HLHI eta “Jesuri” Guraso Elkartearen laguntzaz

19:00 // Txupinazoa: Lehenengo suziriarekin batera buruhandiak egongo dira Galtzagorri kultur elkartearen eta Sorginlarren Mitologia taldearen leskutik

19:00 // Kalejira Lankaietako lagunekin

20:00 // Pintxo poteoa

20:00 // Umeentzako ikuskizuna: “DJ KAKTUS: EUSKARAZ DANTZATU NAHI DUGU”

21:00 // Kontzertuak: PLACTON, KAOTIKO, DISKODANTZA

Irailak 14, larunbata

8:00 // XI. Mendi martxa: Izen ematea txosnagunean. Ohiko ibilbidea egingo da: Elorritxugane-Jesuri (Santa Marinan hornidura)

11:00 // Puzgarriak, umeentzako tailerrak eta jolasak

11:30 // Pilota erakustaldia
Latiorro eskolako frontoian

12:00 // Igel txapelketa Arantzar plazan

12:00 // Laudioko Musika Bandaren kalejira

14:30 // Herri bazkaria Pagolar kalean. Txartelak salgai auzoko tabernetan. Bazkalostean (16:30etik aurrera) Herri Bingoa eta Olinpiadak egongo dira

16:30 // Mus txapelketa

21:00 // Akelarre dantza taldearen erakustaldia

22:30 // Kontzertuak: “JATORRIZ” ERROMERIA, ENKORE eta DISKODANTZA

Irailak 15, igandea

8:00 // Latiorroko XXX. Marmitako txapelketa

13:00 // Kazolen aurkezpena

13:00 // Euskal Dantzen erakustaldia Itxarkundia dantza taldearekin

14:00 // Zozketa eta sari banaketa

15:00 // Marmitako bazkaria

19:00 // Txokolate jana

20:00 // Jai amaiera

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide