Irailaren 21ean nesken kirola sustatzeko txapelketa antolatu du Altzarrate Kirol Elkarteak. 9:00etan hasiko da norgehiagoka herriko futbol zelaietan. Izan ere, Ellakuriko eta San Martineko azpiegiturak baliatuko dituzte.
Orotara, 11 elkarte edo klub bertaratuko dira: Athletic Kluba, Altzarrate, Lakua, Gorbeialdia, Mercedarias, Basauri, Aurrera Vitoria, Ipar Arriaga, Hauskaitz, Etorkizun eta Marianistas. Hala, bi multzotan antolatu dute ligaxka, Iñigo Egigurenen esanetan. "Haurren mailan 12 talde egongo dira, eta kimuetan 11", zehaztu du. Gainera, epaile ofizialak izango dituzte.

Ordutegiei dagokienez, 9:00etan hasiko dira, eta 14:30ean aurreikusi dituzte finalak. "Talde guztiek jasoko dute trofeoa, eta jokalari zein atezainek ere bai". Horrez gain, "jokalari kirolarienentzat" ere aparteko oroigarria prestatu dute. "Irailaren 21ean Laudioko futbol zelaiak beteko dituzte emakumeen siluetek, 400 neskatila ariko baitira aukeratu duten kirolarekin ondo pasatzen".
